Info gida 2026

«Zorte handia dugu herrian dugun komertzio eta zerbitzuen eskaintzarekin»

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 29a

Berako Larun Haizpe merkatarien eta zerbitzuen elkarteak «indarberritua eta gogoz» hasi du urtea juntakide berriekin. Mertxe Mendiburuk azaldu duenez, «gure planen artean erronka, ekintza eta ideia berritzaileak daude, egungo garaietara egokituak. Elkartea eguneratu nahi dugu, kide guztien proposamen, kezka eta beharrak asetzeko». Orain arte «komertzioetan zentratu izan da elkartea, baina geroz eta zerbitzu gehiago daudenez, jopuntua ostalaritzan eta zerbitzuetan ere paratu nahi dugu».

Adierazi dutenez, «gure herrian baditugu gisa guzietako komertzioak: elikagai dendak, burdindegiak, arropa dendak, paper dendak, kirolak, loreak, bizikletak, farmazia eta optikak, etxeko tresnak erosteko aukera… Ostalaritzan ere eskaintza ezin hobea dugu, bezeroentzat erreferente direnak. Zerbitzuei dagokienez, berriz, ileapaindegi eta estetika, bidaiak, autoeskola, bitxi denda, estankoak, jostunak, iturginak, elektrizistak, zurginak, osasun mental eta psikologia zerbitzuak, erreflexoterapia, fisioterapia eta haurrei zuzendutako zerbitzu espezializatuak… ez da gutti».

Hortaz, «zorte handia dugu herrian bertan eskaintzen diren aukera guzti horiek edukitzeagatik, eta kontzientziazio lan bat egin nahi dugu, batez ere jende gaztearen artean, herrian erosteko edo kontsumitzeko joera ohitura bihurtu dadin. Herria bizirik eta aktibo mantentzea da gure erronka nagusietako bat».

Azkenik, «Larun Haizpek 20. urteurrena beteko du aurten, eta aitzindu nahi dugu, hori behar bezala ospatzeko, egun berezi bat prestatzen hasiak garela dagoeneko; aitzinago izanen duzue honen berri».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun