Beñat Albisuk eta Lide Urrestarazuk irabazi dute Berako Mendi Maratoi Erdiaren XX. edizioa

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 20a

Atzo jokatu zuten Beran Mendi Maratoi Erdiaren 20. edizioa. 425 lasterkarik osatu zuten ibilbidea.

Argazkiak: Ainhoa Larretxea eta Ane Molinero.

Bertze behin emozioz beteriko lasterketa izan zen Beran jokaturikoa. 09:30ean abiatu ziren lasterkariak Kanttonberritik, aurten, ibilbide berria osatzeko. 

Bidea osatzen azkarrena Manttale taldeko Beñat Albisu amaiurtarra izan. 1.51.15eko denbora behar izan zuen 21 kilometroak egiteko. 49 segundora helmugaratu zen Beti Gazteko Aimar Otxoteko (1.52.06) eta haren gibeletik Manttaleko Jokin Arretxea (1.53.29) narbartearra.

Lehia estua izan zen hiruen artean. Manttaleko tontorretik Otxoteko pasatu zen lehendabiziko, eta Albisu bigarren. Larhunen elkarrekin pasatu ziren biak eta jaitsieran Arretxeak biak aitzindu eta lehen postuan zela, kilometro eta erdiren faltan,  orkatila bihurritu zuen. Albisuk aurrea hartu eta hark irabazi zuen azkenerako. 

Emakumezkoetan Arrastaka Mendi Taldeko Lide Urrestarazu ordiziarra nagusitu zen (2.07.22). Haren gibeletik Hiru Herriko Ainara Alcuaz (2.13.50) eta Soronea Ammako Leire Elola (2.18.42). Hirugarrenetik minutu erdi eskasera ailegatu zen 2024an txapeldun izan zen Maddalen Jimenez beratarra. 

Ibardingo tarteko helmugatik Xabier Macias pasatu zen lehendabiziko, eta 150 euroko diru saria hartu zuen. 

Denera 430 lasterkarik hasi zuten proba, eta 425ek bukatuko zuten. 430 lasterkari horietatik 98 izan ziren emakumezkoak. 55 lasterkari beratarrak parte hartu zuten. Joseba Larralde eta Maddalen Jimenez izan ziren lehendabiziko lasterkari beratarrak.

Taldeka Hiru Herri taldea nagusitu zen eta bigarren etxekoak sailkatu ziren, Manttale. 

Gizonezkoak   Emakumezkoak  
Beñat Albisu Etxeberria  1.51.15 Lide Urrestarazu Agirre 2.07.22
Aimar Otxoteko Larrarte 1.52.06 Ainara Alcuaz Rodriguez 2.13.50
Jokin Arretxea Lastiri 1.53.29 Leire Elola Izagirre 2.18.42
Jon Ander Aranburu Zabalo 1.54.11 Maddalen Jimenez Andres 2.19.25
Jokin Tolosa Zabala 1.54.43 Leire Urritegi Getaria 2.21.19

Gazte Trail lasterketa

Berako Mendi Maratoi Erdiarekin batera jokatu zuten Gazte Trail proba ere. Kadeteek zazpi kilometroko ibilbidea osatu zuten eta juniorrek, berriz, bederatzikoa. Kadeteetan Unai Etxeberria nagusitu zen (35.03), bigarren postuan Ander Etxegarai (37.08) eta hirugarren Alain Gajate (37.18). Nesketan Alaitz Urrutia nagusitu da (51.13). 

Juniorretan, berriz, Andoni Apezetxea eta Ekhiotz Iratzoki elkarrekin ailegatu ziren helmugara eskutik hartuta (41.33). Bigarren postuan Xabier Monzon sailkatu zen (41.46). 

Nafarroako Banakako Txapelketak ere jokoan

Berako Mendi Maratoi Erdiarekin batera jokatu zuten Nafarroako Banakako Txapelketa ere. 

Gizonezko absolutuetan lasterketako podiuma errepikatu zen: Beñat Albisu lehendabiziko, Aimar Otxoteko bigarren eta Jokin Arretxea hirugarren. Emakumezkoetan Ainara Alcuazek irabazi zuen txapelketa, bigarren Ainhoa Etxegarai gelditu zen eta hirugarren Izaskun Bereau. 

23 urtez azpiko gizonetan Beñat Albisurentzat izan zen garaikurra. Bigarren Oier Moreno sailkatu zen eta hirugarren Oihan Pikabea. 

Beteranoei dagokionez 40-47 adin tarteko beteranoetan Ion Sola, Unai Barazabal eta Joseba Larraldek hartu zuren garaikurra gizonezkoetan, eta Izaskun Bereauk, Haizea Berazak eta Elixabete Agirrek emakumezkoetan. 48 urtetik gorako beteranoetan, berriz, Angeltxo Aranibar, Joseba Lasarte eta Unai Barrio gizonezkoetan eta Nuria Mendibi, Susana Zarraluki eta Ainhoa Coronado saritu zituzten. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun