Berako Mendi Maratoi Erdia dela eta, Kanttonberri eta Legia karriketan aldaketak eginen dituzte trafikoan

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 17a

Altzateko lanak tarteko, Kanttonberrin hasi eta bukatuko da aurten Berako Mendi Maratoi Erdia.

Igande honetan, apirilaren 19an, egitekoa da Berako Mendi Maratoi Erdia, eta horren harira, trafikoan aldaketa batzuk eginen dituztela jakinarazi du Berako Udalak bando bidez. 

Ibilbide berria izanen du aurten lasterketak, Altzateko lanak tarteko, Kanttonberrin hasi eta bukatuko baita. Eta hala, Kanttonberri eta Legia karriketan trafikoan aldaketak eginen dituzte. 

Kanttonberri karrika, adibidez, itxia egonen da igande goiz osoan, 09:00etatik 14:00etara. Horrekin batera, larunbatean 13:00etatik aitzinera, ezin izanen da aparkatu Kanttonberri karrikan, igandeko 15:00 arte.

Legia karrikako 41-55 zenbakiak eta Kanttonberri karrikako gibelaldea ere itxiak egonen dira igandean, lasterketak irauten duen bitartean, 09:30etik 13:30era.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun