500 lasterkari baino gehiago espero dituzte igande honetan eginen duten Berako Maratoi Erdiaren XX. edizioan

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 16a

Berako Maratoi Erdian, Landagainetan hartutako irudia.

Manttale Mendi Lasterketa Taldeak eskura paratu zituen dortsal guziak agortu dira, eta beraz, 500 lasterkari baino gehiago espero dituzte. Lasterketari buruzko xehetasunak eta parte hartzaileen zerrenda albiste barrenean ageri dira. 

Dena prest du Manttale Mendi Lasterketa Taldeak igande honetan, apirilaren 19an, eginen den Berako Mendi Maratoi Erdirako. 

Ibilbidean aldaketak

Ibilbide berria izanen du aurten lasterketak, Altzateko lanak tarteko, Kanttonberrin hasi eta bukatuko baita. Ibilbidean hiru puntutan izanen dira aldaketak eta asfalto guttiago eta mendi bide gehiago izanen ditu. Zehazki, Usategiak arte (10 km) ibilbidea iguala izanen da, baina puntu horretatik Landagainetaraino aldaketak egin dituzte; Larhungo jaitsieran bertze zati bat egin dute Zumalkuraino; eta Beran, azken kilometroa ez da Altzaten izanen, suhiltzaileen parke gibeleko aldetik baizik.

Proba 09:30ean hasiko da eta lehenbiziko lasterkaria 11:15 aldera ailegatuko dela aurreikusi dute.

Proba 09:30ean hasiko da eta lehenbiziko lasterkaria 11:15 aldera ailegatuko dela aurreikusi dute. Bertzalde, aurten Berako Mendi Maratoi Erdia Nafarroako Banakako Mendi Lasterketen Txapelketaren parte izanen da, bai maila absolutuan, bai 23 urtez azpikoetan, baita beteranoetan ere. 

Parte hartzaileak

Erantzun ona izan du aurten ere lasterketak, eta horren seinale da parte hartzea, dortsal guziak agortuak baitira (Ikusi hemen parte hartzaileen zerrenda). Tartean izanen da Oier Ariznabarreta, bederatzi aldiz Berako Maratoi Erdia irabazi duena. Durangoko lasterkariak probako errekorra du 2014tik (ordu bat, 37 minutu eta 30 segundo), baina edizio honetan, ibilbide berria denez, ez dute sari ekonomikorik emanen marka hoberenari. Ariznabarretaz gain, aurten Unai Zialtzetak eta Joseba Erroak, iaz bigarrena eta hirugarrena izan zirenek, parte hartuko dute.

Emakumezkoetan, Maddalen Jimenez, 2024ko irabazlea eta 2025eko bigarrena; Lide Urrestarazu, 2025eko Gorbeia Suzien Skyrace irabazlea; eta, Maria Ordoñez, 2022ko Berako irabazlea lehiatuko dira. Denetara 98 emakume inguruk parte hartuko dute, eta horien artean, ohikoa den bezala, Luis Lasa Muñagorri izanen da, Tolosakoa, orain arteko hemeretzi edizioetan parte hartu duena.

Gainerakoan, aurten Berako Kultur Etxean banatuko dituzte dortsalak eta korrikalarien poltsak. Larunbatean, 17:00etatik 18:30era eta igandean, 08:00etatik 09:00etara eginen dute hori. Helmugako anoa, zozketak eta kontsignak, berriz, kiroldegi ondoan egonen dira. Sari banaketa eta luntxa Rikardo Baroja Eskolan izanen dira, 13:30ean. Guztira, 1.750 euro banatuko dituzte eskudirutan gizonezkoen eta emakumezkoen kategoria absolutuetan sailkatutako lehen bortzen artean, eta bertze 150 euro Ibardingo tarteko helmugarako. 

Bertzalde, ibilbidean 150 boluntario ariko dira lanean, baita bi anbulantzia, medikuak eta fisioterapeutak ere.

Plastikozko basorik ez

2024an eta 2025ean egin bezala, aurten ere ez dute plastikozko basorik emanen anoa puntuetan. Mendi lasterketetan ohikoa den bezala, lasterkari bakoitzak berea eraman beharko du ura edo edari isotonikoak edateko. Gisa horretara, «ingurune naturaletan plastikoaren erabilera murriztu» nahi dute antolatzaileek.

Joan-etorriak kotxez

Altzate karrikako obrak direla eta, Berako erdigunean hainbat semaforo paratu dituzte trafikoa kontrolatzeko. Beraz, lasterketako bertze leku batzuetara autoz joateko intentzioa duten boluntarioei zein ikusleei joan-etorriak garaiz egiteko aholkatu diete antolatzaileek. 

Lasterketa ikusteko irteerak

Lasterketaren egunerako bi irteera gidatu antolatu dituzte antolatzaileek, lasterkarien ibilbidea ikusteko. Lehenbizikoa 08:30ean abiatuko da irteera gunetik Larhun aldera eta hamalau kilometro inguruko ibilbidea izanen da. Ordu erdiren buruan, 09:00etan, Usategietara eta Landagainetara joanen da bigarren txango gidatua. Bera-Usategieta-Landagaineta-Bera ibilbidea izanen da eta honek hamar kilometro izanen ditu.

Gazte Trail proba

Mendi Maratoi Erdiarekin batera, Gazte Trail proba ere jokatuko dute egun berean. Bi ibilbide izanen dira: 14 eta 15 urteko gaztetxoek 7,2 kilometroko eta 340 metroko desnibela duen ibilbidea egin beharko dute, eta 16 eta 18 urte artekoek 9,3 kilometroko eta 380 metroko desnibela dituena. 10:15ean aterako dira bi probak suhiltzaileen aparkalekutik eta helmuga Kanttonberrin izanen dute. Ibilbidearen azken zatia Mendi Maroti Erdiaren gisakoa izanen da.

Erabiltzen ez zen bidexka da eta urte osoan erabili ahal izateko garbitu zuten. Bideak behin baino gehiagotan Xantel Erreka zeharkatzen du eta, horregatik, egurrezko plataforma ttikiak paratu zituzten bidea errazteko. Dena den, duela aste batzuk konpondu behar izan zituzten, neguko ekaitzek kalteak eragin zituztelako. 

Haurren lasterketa bezperan

Bezperan, larunbatean, haurrentzako Ttiki Trail proba eginen dute. Kanttonberri karrikan izanen dira probak eta lau kategoriatan banatuta ariko dira:

  • 6-7 urte (2020-2019 jaiotakoak). 250 metro
  • 8-9 urte (2018-2017 jaiotakoak). 650 metro
  • 10-11 urte (2016-2015 jaiotakoak). 1.450 metro
  • 12-13 urte (2014-2013 jaiotakoak). 2.050 metro

Izen ematea debalde izanen da eta aitzinetik Manttaleren webgunean eta egunean berean 15:30etik aitzinera egiten ahal da. Parte hartzaile guztiek hartuko dute oparia eta ondotik, merienda izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun