2,2 milioi euroko inbertsioa eginen dute Albistur, Alkaiaga eta Eskolttikiko lanetarako Lesakan

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 9a

Albistur karrikako lanak bisitatzen izan dira ortzegun goizean Lesakan Oscar Txibite kontseilaria eta Ladis Satrustegi alkatea, bertze zenbait agintari eta teknikarirekin batera.

Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren eta Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, 2,2 milioi eurotik goitiko inbertsioa bideratu du Lesakako zeharbideko sareak eta zola berritzeko Albistur karrikan, Alkaiaga auzoko saneamendu sarean eta Eskolttiki udal-eraikina egokitzeko. Horretarako, Nafarroako Gobernuak 863.302 euro jarri ditu.

Nafarroako Lurralde Kohesiorako kontseilariak Albistur karrikako lanak bisitatu ditu gaur

Oscar Txibite, Lurralde Kohesiorako kontseilariak,Maria Torres, Herri Lan eta Azpiegituren zuzendari nagusiarekin eta Ladis Satrustegi Lesakako alkatearekin batera, Lesakan egiten ari diren obrak bisitatu dituzte gaur. Tokiko Inbertsioen Planaren (TIP) funtsei eta plangintzari esker, «Nafarroako udalerrietako bizi-kalitatea hobetzen ari gara» adierazi du kontseilariak, eta administrazioen arteko «lankidetza» balioetsi du.

Ildo beretik, Ladis Satrustegi alkateak Nafarroako Gobernuaren laguntza eskertu du «eskaera historiko bati erantzuteko, Lesakako herrigunerako sarbide duina suposatzen baitu, gainera». Zeharbideko lanak aurreko legealdian onartutako mugikortasun planera egokitzen direla erran du Lesakako alkateak.

Lanak

Gaur egun zolaketa lanak eta sareak berritzeko lanak egiten ari dira Albistur karrikan, Lesakako zeharbidean, NA-4000 errepidean. Aurreikuspenen arabera, ekainean bukatuko dituzte lanak, eta 204 metro inguruko tarte batean eginen dituzte. Bertzeak bertze, zoladura berrituko da, espaloiak eraikiko dira, eta ur hornidurarako, ur zikinetarako eta euritako uren sareak berrituko dituzte. Oinezkoen pasabideetako seinaleak ere berrantolatu eta hobetuko dituzte.

Lesakako zeharbidean aurreikusitako inbertsioa 1,8 milioi eurokoa da, eta horietatik 576.382 euro Nafarroako Gobernuak eman ditu, Toki Administrazioko eta Despopulazioko Zuzendaritza Nagusiaren eta Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez.

Dagoeneko bukatuta dauden Alkaiaga auzoko saneamendu sarearen bi faseetan 320.622 euro inbertitu dituzte, eta horietatik 224.435 euro Nafarroako Gobernuak jarri ditu, TIPeko funtsen bitartez.

Eskolttiki udal eraikina egokitzeko lanak oraindik hasi gabe daude, eta 62.000 euro baino gehiagoko ekarpena eginen da Tokiko Inbertsio Planaren kontura, 105.039 euroko obra finantzatzeko. Obra horren bidez, lehendik dauden espazioak egokituko dituzte, erabilera anitzeko aretoak sortzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun