[BIDEOA] Lesakako Albistur karrikako lanak bisitatu ditu Txibite kontseilariak

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 9a

Tokiko Inbertsio Planaren barrenean Lesakako Albistur karrikako lanak egiten ari dira urte hasieratik. Lan horien egoera bertatik bertara ezagutzeko Lesakara hurbildu da Oscar Txibite Nafarroako Gobernuko lurralde kohesiorako kontseilaria eta Ladis Satrustegi alkateak eta Mariezkurrena eraikuntza enpresako ordezkariek egin diote harrera.

Obra bukatzen denean, sanferminak baino lehen, bisitan azpimarratu dutenez, Albistur karrikak zola berri-berria estreinatuko du. Baina obra honen alderik garrantzitsuena asfaltoaren azpian geldituko da. Izan ere, edateko uraren, argindarraren eta gainerako kanalizazioen hodiak sartuko dituzte lurpean, eta baita ur zikinen eta euri uren kanalizazioak ere.

Eta lur azalean ere, zoladurak aparte espaloiak ere sortuko dituzte, oinez lasai eta segurtasunez ibiltzeko eta jendearen mugikortasuna hobetzeko. Proiektuaren kostu osoa 967.406,25 eurokoa da eta 631.537,92 euroko dirulaguntza hitzartuta dute. Udalak, beraz, 345.657,57 euro hartuko ditu bere gain.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun