Inauteak 2026

«Inauterietako egun bakoitzak badu bere berezitasuna»

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 11

Fred Ramos (eskuinean), Frand anaia bikia zenarekin urtetan atera zen zakuzahar.

Fred RAMOS LASAGA, Lesakako inauterietako kartel lehiaketako irabazlea.

Lehiaketara aurkeztutako hamaika lanen artean boto gehien hartu ondotik, Fred Ramos Lasagaren Begirada kartelak iragarriko ditu Lesakako inauteriak. Iaz ere bere lana suertatu zen irabazle eta sanferminetako kartel lehiaketa irabazi du azken hiru urteetan.

2023an Berako bestetakoa ere irabazi zuen. Beti Gazteren argazki rallyetan ere sariak irabaziak ditu 35 urteko lesakarrak. «Azken aldietan suertea izan dut, jendeari gustatzen zaio, jendeak parte hartu eta bozkatzen du eta sariak lortu ditut. Polita da eta hagitz kontent nago». Lesakako eta Berako lehiaketetara bai, baina ez du horietatik kanpo bertzetan parte hartzeko ohiturarik.

Argazkilari eta bideo kamerarekin ere ibiltzen da Fred Ramos, «hori da nire hobbya», eta irudi horiek oinarri hartuta egiten ditu karteletako edo programen azaletako diseinuak. «Oinarria hori da, argazkia –dio Ramosek– eta hori hartu eta saiatzen naiz argazki horretako detaileren bat nabarmentzen, ordenagailua hartu eta Photoshop erabiliz efekturen bat ematen, edo nolabait lantzen». Aurtengo kartel irabazlearen kasuan, Begirada izenburua paratu dio, beharbada zakuzaharrei ikusten zaien gorputzeko atal ia bakarra begiak direlako? «Beti saiatzen gara zakuzaharraren barrenean nor dagoen asmatzen eta horretarako begiak bakarrik ditugu, zakuzahar bakoitzak bere begirada du… Lehiaketa irabazi duen karteleko argazkian zakuzahar gehiago baziren, baina bat zentratu, alde batera begira zegoen eta hortik dator izenburua» erantzun digu.

Berak irabazi dituen bi lehiaketetan hala izan da, baina ez du uste Lesakako inauterietako kartelean derrigorrezkoa denik zakuzaharra izatea protagonista… «Aurten hiru kartel aurkeztu ditut eta irabazlean zakuzaharra da, jendeari hau gustatu zaio gehien bat, Lesakako inauteria zakuzaharrarekin lotzen delako, baina bertze batean Fraindarrak taldeko baten bizkarra ageri zen, Painulua izenburuarekin eta hirugarrenean, zakuzaharrarekin batera jostuna ere ageri zen, betetzeko eta josteko prozesuan garrantzitsuak direlako».

Fred Ramos Lasaga, aurtengo lehiaketa irabazi duen Lesakako inauterietako kartelarekin.

 

Ezpata dantzari eta zakuzahar

Sanferminetako karteletan ezpata dantzaria, inauterietakoan zakuzaharra… Fred Ramos biak izana da, ezpata dantzari eta zakuzahar. Besta eta pertsonaia horiek barrenetik ezagutzeak laguntzen omen du kartela egiterako garaian: «Nik uste baietz, laguntzen duela… Badakizu begirada non jarri, detaileak non bilatu, abantaila ttiki bat da». Eta zeinetan gozatu duen gehiago, ezpata dantzari edo zakuzahar, hori galdetuta, «bakoitza diferentea da» erantzun digu: «Zakuzahar ez duzu entseatu beharrik ere, zure zakuak, trapuak eta painulua hartu, makila prestatu eta egunean berean atera eta disfrutatu. Zakuzahar hainbat urtez atera nintzen (argazkian, Frand anaia bikia zenarekin ageri da) eta ederki pasatu nuen. Ezpata dantzari ateratzeko lan gehiago da, aitzinetik entseguak egin behar dira, batzuetan hiru urte pasatu behar dituzu entseatzen ateratzeko, baina behin ateratzen zarela, hor ere gustura ibiltzen zara».

Asteleheneko mozorroarekin kontuak

Zakuzahar dagoeneko ez da ateratzen, baina inauteriak bere modura bizitzen segitzen du: «adinak ez du barkatzen eta familia izatearekin bertze modu batera bizitzen duzu, besta guttiago egiten duzu, guttiago atera. Halere, semeari zakuzaharrak aunitz gustatzen zaizkio eta aitzakia horrekin hurbiltzen gara ikustera, argazkiak ateratzera… Bi urte ditu eta mairuz atera da, baina iruditzen zait agudo zakuzahar ere aterako dela, gogoekin ikusten dut». Gainerakoan, kuadrillarekin larunbat eguerdian ateratzen da Fred Ramos «bakoitza bere mozorroarekin» eta astelehenean ere elkarrekin gelditu izan dira, gai bera aukeratu eta horren inguruan mozorratzeko, «baina ez dugu inoiz karroza handirik egin. Urteak pasa ahala gero eta guttiago elkartzen gara, lana dela, haurrak… aurten, ustez, ez gara aterako. Bertzeak ikusiko ditugu». Kuadrillarekin atera den horien artean gogoan du txinatarraz atera zirenekoa, «justu Realak txinatar bat fitxatu zuen, Lee Chun Soo, eta aitzakia horrekin, mozorro konbinatua egin genuen. Gustura ibili ginen. Urtero zerbait ezberdina egiten saiatzen gara. Egia errateko gure ideiak ez dira sobera onak izaten, baina ederki pasatzen dugu. Joan den urtean peregrinoz atera ginen… Tourreko urtea ere ona izan zen, kuadrillako bi txirrindulariz atera ziren eta, Linddurrenbordan bazkaltzen dugunez, bertaraino bizikleta gainean joan ziren».

Inauterietan gehien gustatzen zaiona egun bakoitzak dituen berezitasunak dira: «larunbatean bazkaritik hasi eta afariarekin lotu eta desmadratzen da kontua, goizeko ordu ttikiak artea… igandean zakuzaharrak dituzu, ateratzen bazara gustura eta ikusteko ere polita eta astelehenean berriz ere mozorroa, karroza… aitzineko bi egunen nekea ere nabaritzen da. Denak diferenteak, baina denetan gustura!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun