Inauteak 2026

Zakuzaharrak izanen dira protagonista Lesakan inauterietako igandean

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 11

Zakuzaharrak igande arratsaldean aterako dira, musika bandaren laguntzarekin.

Ortzegun Gizeneko ‘Arraultze-arraultze’ eskearekin hasiko dira ttikienak eta astelehenean karrozak eta mozorroak ibiliko dira plaza inguruan, ibilbide aldatuarekin; Fraindarrak eta Goitarrak ere ibiliko dira baserriz baserri eta herrian.

Egitarau zabalarekin datoz aurten ere Lesakako inauteriak. Ortzeguneko Arraultze-Arraultze eskearekin hasita, larunbat eguerdian eta gauean ere giroa izanen da, igandean zakuzahar handi nahiz ttikien harat-honatak eta astelehenean karrozak ibiliko dira, Albistur karrikako obrengatik ibilbide egokituarekin. Fraindarrak eta Goitarrak ere ibiliko dira auzoz auzo eta baserriz baserri. Herriko Etxeak inauterietan «errespetuz eta zentzuz ibiltzea» eskatu die herritarrei eta bisitariei, «herria eta bertakoak zainduz, denok inauteriez ahalik eta gehien gozatu ahal izateko».

 

Otsailak 12, Ortzegun Gizen

Goizean haurrak Arraultze-arraultze ibiliko dira.

Otsailak 15, igandea

17:00etan zakuzahar ttikien kalejira herriko pilotalekutik abiatuta Lesaka Trikitixa Taldeak lagunduta. 18:00etan dantzaldia Plaza Zaharrean ITZAL erromeria Taldearekin. 19:00etan Zakuzaharrak herriko pilotalekutik abiatuko dira Lesakako Musika Bandak lagunduta. Goitarrak: goizean Auzoberri, Endara, Zala, Katazpegi eta Nabazen barna baserriz baserri ibiliko dira eskean eta dantzan eta ilunabarrean herrian.

Otsailak 16, astelehena

Eguerdi aldean mozorroak eta karrozak ibiliko dira herrian barna. Herriko etxeak jakinarazi duenez, Albistur karrikako obrak direla eta, karrozen ibilbidea aldatu egin beharko da. Zarandia karrikatik Ziobi aldera doan bidetik eginen da. Bide hori egun horretarako bereziki prestatuko da. 18:00etan dantzaldia Plaza Zaharrean Imanol Intxausti eta Iñigo Larrañagarekin. Fraindarrak, goizean Otsango eta Frain auzoetan barna baserriz baserri ibiliko dira eskean. Eguerdi aldera herrian barna eginen dute eskea.

Otsailak 17, asteartea

Fraindarrak, goizean Izotzaldea auzoan barna baserriz baserri ibiliko dira eskean. Arratsaldean herrian barna eginen dituzte harat-honatak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun