Obra bukatzen denean, Albistur karrikak zola berri-berria estreinatuko du. Baina 967.406,25 euroko aurrekontua duen obra honen alderik garrantzitsuena asfaltoaren azpian geldituko da. Izan ere, edateko uraren, argindarraren eta gainerako kanalizazioen hodiak sartuko dituzte lurpean, eta baita ur zikinen eta euri uren kanalizazioak ere.
Eta lur azalean ere, zoladurak aparte espaloiak ere sortuko dituzte, oinez lasai eta segurtasunez ibiltzeko eta jendearen mugikortasuna hobetzeko. Proiektuaren kostu osoa 967.406,25 eurokoa da eta 631.537,92 euroko dirulaguntza hitzartuta dute. Udalak, beraz, 345.657,57 euro hartuko ditu bere gain.
Aurreikuspenen arabera, obrek bortz hilabeteko iraupena izanen dute, eta urtarriletik aitzinera eragina dute trafikoan ere.
Obrak irauten duen bitartean trafikoa, semaforo bidez, Antoiu karrikatik pasatuko da
Urtarrilaren 21etik aitzinera semaforoak martxan paratu dituzte eta trafikoa Antoiu karrikatik pasatuko da. Astegunetan, banaketan ari diren kamioiek eta kamionetek fabrikatik pasatu beharko dute. Asteburuetan kamioiendako pasabidea baimentzeko, aitzinetik herriko etxera deitu beharko dute.