Lesakako feria egunaren egun aldaketa bozkatuko dute ortzeguneko udal batzarrean

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 17a

Azaroaren 30ean botoa eman zutenen %80k feria ortziralean egitearen alde egin zuen. Zuzen bidean, udalak erabaki hori hartuko du ortzeguneko batzarrean.

Azaroaren 30ean egindako herri galdeketan Lesakako feria eguna ortzegunetik ortziralera aldatzearen alde eman zuten botoa parte hartzaileen % 80ak. Halere, Lesakan erroldatutako hamasei urtetik goitikoen erdiak baino guttiagok eman zuenez botoa, erabakia ez zen loteslea. 

Orain, Lesakako Udalak hartuko du erabakia, abenduaren 18an, ortzegunean 19:00etan hasiko den udal batzarrean. Gehiengoa duen EH Bilduk herritarren iritzia errespetatuko duela jakinarazi du eta, ustekaberik ez bada, heldu den urtetik aitzinera feria eguna ortziralean ospatzea erabakiko dute.

Bertze gaiak

Eguneko gai ordenean bertzelako gaiak ere izanen dituzte Lesakako hautetsiek, hala nola, aurrekontuaren aldaketaren hasierako onespena, 2026. urterako ordenantza fiskaletako aldaketaren hasirako onespena, udal lokalen erabilera arautzen duen ordenantza fiskalaren aldaketaren hasierako onarpena, autokarabana eta etxebizitza ibilgailuak aparkatzeko eta horietan gaua pasatzeko arautzen duen ordenantzaren aldaketaren hasierako onarpena, 2026rako lan egutegia onartzea edo Baztango, Doneztebeko, Lesakako, Igantziko eta Sunbillako udalen eta Legasa, Narbarte eta Oieregiko kontzejuen arteko herriarteko lankidetzarako administrazioen arteko hitzarmena onartzea, bertzeak bertze.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun