Elkarrizanek sorreratik gaur egunera arteko boluntario denak omendu ditu

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 15a

Ortziralean omendutako boluntarioak eta boluntario izandakoak.

Boluntarioen Nazioarteko Eguna ospatu zuten pasa den ortziralean Elkarrizan Laguntza Emaile Taldeko kideak. Hitzordua elkartea sortu zuten boluntarioak eta gaur egun ari direnak omentzeko probestu zuten taldeak. 

2004an elkartea sortu zenetik gaur egun arte bertan boluntariotza egin duten lagun denak omendu zituen ortziralean Elkarrizanek. 

Elkartearen ibilbidea bi etapatan banatu zuten. 2004-2010 artekoa eta 2010etik gaur egun artekoa. Lehen etapa horretan, Elkarrizan bere kabuz aritzen zen Beran, eta aldi berean Nagusilan Lesakan. «Benetako aitzindariak izan zineten, garaiari aurre hartu zenioten, boluntariotza berritzaile, hurbil eta hagitz solidario baten alde eginez».

2010 eta 2025 artean, berriz, profesionalizazio fasea izan dela nabarmendu zuten: «Formazio jarraitua, bilera periodikoak, boluntariotza aseguruak... Bide horrek ekarri gaitu gaur egun garen erakundera». 

Egitura eta hitzarmenez harago, nabarmendu zuten Elkarrizan beti izanen dela hasierako boluntarioek ereindako hazi hura. «Hazi xumea izan zen hasieran, apala eta ia ikusezina, baina gaur egun fruitu emankorra da: lagundutako pertsona bakoitzean, bisitatutako etxe bakoitzean, partekatutako une bakoitzean». 

Ekitaldian azaldu zutenez, iaz 4.510 ordu eman zituzten elkarteko kideak boluntariotzan.«Datu bat baino gehiago zarete: konpainia, entzutea, hurbiltasuna eta gizatasuna zarete». Gehiago ere bai: «Bortzirietako gizarte sarea sendotzen duen proiektu kolektiboa da».

Bidean izandako mugarriak

Bidean izandako hainbat mugarri aipatu zituzten ekitaldi<n: errekonozimendu komunitarioak Lesakan 2016an eta Beran 2022an txupinazoa  botaz eta Onda Ceroren sari solidarioa 2018an; Elkarrizanen dokumentala egitea 2022an; laguntza psikologikoko zerbitzu pilotua  ezartzea Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekin batera eta Elkarrizanek eta eskualdeko hainbat eragilek lankidetzari esker lortutako ibilgailua. 

Hain zuen, aurrerapauso horiek 2004an ereindako haziari zor dizkiotela nabarmendu dute: «Zuen ahalegina, elkartasuna eta konpromisoa dira gaur ospatzen dugunaren oinarria. Aitzindariak izan zineten, erreferente bihurtu zarete, eta proiektu honen oroimean bizi zarete». 

Omenaldiaren ondotik, elkarrekin bazkaldu zuten Zalain jatetxean. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun