AINHOA GOÑI ORMART

«Lehiaketetako sariek aunitz laguntzen dute gazta ezagutarazten»

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 18a

Lesakako Agorlekuko Ainhoa Goñi Ormart gazta egilea.

Ainhoa GOÑI ORMART, Lesakako Agorleku gaztandegia.

2021ean, pandemia bete-betean hasi ziren Lesakako Agorleku gazta merkaturatzen. Ainhoa Goñi Ormartek aipatu digunez, «lau urte gogorrak baino politak izan dira aldi berean. Pandemiarekin hasi ginen eta ez ginen bertze gaztandegietara joaten ahal ikastera, gero idortea etorri zen eta belar falta, eta aurten ardien mingain urdina denak harrotu gaitu. Baina, aldi berean gero eta bezero gehiago dauzkagu, eta arras eskertuak gaude izandako harrerarekin. Jende pila bat ezagutzeko aukera eman dit bizimodu honek».

Urtean 150 ardi jezten dituzte eta «jezten dugun esne guztiarekin Idiazabal jatorri izeneko gasna ondua egiten dugu», dio Agorlekukoak. Merkaturatzerako orduan, berriz, «salmenta zuzena, inguruko komertzio eta ostatuetan, Lesakako merkatu ttikian eta eskualdeko azoka berezietan (feriak, Lurraren eguna, Etxalarko gasna feria, Amaiurko artzain eguna..) egiten dugu».

Beraien lana plazaratzeko lan handia egiten dute. Bertze zenbait ekoizlerekin, Lurretik Ikasiz egitasmoan parte hartu dute Agorlekukoak ikasleekin, orain Xardango elkartea sortu dute. Denaren beharra du lehen sektoreak. Ainhoa Goñiren erranetan, «lehen sektorea urte batzuetan nahiko atzendua egon da, baina momentu hauetan badugu lehen sektoreko eta elikadurako dinamizatzailea den Itsasne Mendiberri, sekulako lana eta bultzada ematen ari dio lehen sektoreari eta bertako produktuei. Bere laguntzarekin eta gure indarrarekin denak elkartuta lan polita egin dezakegula pentsatzen dut».

Zenbait lehiaketetan sarituak

Lehiaketetara ere aurkeztu izan dute Agorlekuko gazta: Ordiziako lehiaketan finalista 2021ean, Lurraren Egunean irabazle 2022an, Etxalarren eta Elizondon ere lortu dituzte sariak… Goñik jakinarazi digunez, «sariek aunitz laguntzen dute zure produktua ezagutarazten, batez ere hasieran inork ezagutzen ez zaituenean».

Lesakako feriak bereziak izanen dira aurten, aziendarik gabekoak. Halere, egun garrantzitsua izaten da Agorleku gaztandegiarentzat. «Aurtengo feria guztiak aziendarik gabe izaten ari dira, pena izugarria da, hori baita ferien funtsa».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun