Aziendarik gabeko Lesakako feriak ospatuko dituzte ortzegunean

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 18a

Aziendarik ez, baina Bittiria karrikan hainbat salmenta postu izanen dira ortzegunean, Lesakako ferietan.

Arrazoi bikoitzagatik, aziendarik gabeko feria izanen da aurtengoa Lesakan. Azken urteetan aziendak plazaratu dituzten Bortzirietako abeltzainek aziendak ez zituztela plazaratuko jakinarazi zuten eta handik agudo, urriaren 22an, aziendak plazaratzeko debekua ezarri zuen Nafarroako Gobernuak, dermatosi nodular kutsakorra zabaltzea ekiditeko. Beraz, ferien muina eta arrazoi nagusi diren aziendarik gabe, baina feriak ospatu, ospatuko dituzte Lesakan. Hori bai, datorren urtetik aitzinera ortzegunean edo ortziralean egin erabakitzeko herri galdeketa deitu du udalak azaroaren 30erako.

Egitaraua

Heldu den urtetik aitzinerakoak noiz egiten diren erabaki baino lehen, azienda erakusketarik eta lehiaketarik gabekoak izanen dira aurtengo feriak. Gainerakoan, ohiko egitaraua izanen dute. Azaroaren 19an, asteazkenean, Merkatu Eguna izanen da. 18:00etan Lesakako Trikitixa Taldearen kalejira eta Beti Gazte elkarteak antolatutako ajoarriero lehiaketa izanen dituzte Beheko Plazan.

Baina egun handia, azaroaren 20a, ortzeguna izanen da. Goizetik hasita, eskulangileen erakusketa izanen da Beheko Plazan. Ohi denez, eskualdeko ikastetxeek beraien ikas bidaietarako edo elkartasun helburuetarako postuak ere paratuko dituzte, 11:00etan herri kirol erakustaldia eginen dute Plaza Zaharrean. Ondotik, bertso saioa izanen dute. Kioskotik kantari ariko dira Xabat Illarregi Marzol leitzarra eta Miren Artetxe Sarasola.

 

Pilota jaialdi berezia

18:00etan pilota partidak jokatuko dituzte udal pilotalekuan. Lehen partidan, Umore Onako Alize Sagardui goizuetarra eta Arkupeko Joana Iratzoki igantziarra, Arkupeko Amaiur eta Ainitze Martinez Lesakako ahizpen kontra ariko dira. Ondotik, Garfe enpresa profesionalaren eskuz binakako III. Openeko finala jokatuko dute Pradok eta Merino II.ak, Ugaitz Elizalde iturendarraren eta Arbizuren kontra. Ordu berean, dantzaldia hasiko da Plaza Zaharrean, Imanol Intxaustiren eta Imanol Larrañagaren eskutik. 19:00etan Beti Gazte Kantari Alondegiko arkupetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun