Aitzineko asteburuan hasitako kultur egunei, asteburu honetan eman diete segida aranztarrek. Baina hori baino lehen, ortziralean ere sumatu zen mugimendua, bertzeak bertze, Gau Beltzaren seinale, zezensuzkoa atera zuelako udalak.
Larunbat goizean, berriz, Ekaitza Elkarteak antolatuta, Baserritarren Eguna ospatu zuten. Herritarrek hemezortzi postu paratu zituzten frontoian; batzuek produktuak salgai paratu zituzten eta ikusgai bertzeek, eta bisitariek ederki erantzun zuten.
Dermatosi nodular kutsakorra izeneko gaitza tarteko Nafarroako Gobernuak aziendak plazara ateratzea debekatua duenez, aurtengo Baserritarren Egunean ez zen aziendarik izan plazan, baina frontoian paratutako postuetan denetarik izan zen: barazkiak, zerrikiak, gozokiak, opilak, argazkiak, eskulanak, egutegiak, arropak...
Jateko eta edatekoa eskainiz, eskolak ostatua paratu zuen eta herriko trikitilariek eta pandero jotzaileek euren buelta egin zuten; herrian barna kalejira egin zuten lehenbizi, eta ondotik, frontoian euren saioa.
Gazta lehiaketan, berriz, zazpi etxetako gaztak aurkeztu zituzten: Etxeberriko borda, Laraburuko borda, Martineko borda, Martixeneko borda, Oskozenea, Senberro eta Seroren borda etxekoak. Leire Mitxelena, Maixe Fagoaga, Imanol Artola, Mikel Manzano eta Xabi Etxague aritu ziren epaile lanetan, Gregorio Mitxelenak eskura emandako gaztak probatzen, eta puntuazio guziak bilduta, joan den urtean bezala, Laraburuko bordako gaztarentzat izan zen lehenbiziko saria; bigarren saria Martineko bordako gaztak eraman zuen, eta hirugarrena Seroren bordakoak. Hiru lehenbiziko postuetan gelditutako gaztekin, enkantea egin zuen Ekaitza Elkarteak. Gazta irabazlearen erdia 35 eurotan eraman zuten; bigarrena 25 eurotan eta hirugarrena 15 eurotan. Gainerako gazta erdiak hamar eurotan saldu zituzten.
Segidan, bertako produktuekin osatutako zarearen zozketa egin zuten, eta Alazne Baleztenari tokatu zitzaion. Halaxe borobildu zuten goizeko ekitaldia, eta dena zuzen demonio aurkezteaz, Itxaro Etxague arduratu zen.
Bertso emanaldia
Arratsaldean, berriz, Auskalo zeinek jarriak bertso emanaldi ederra eskaini zuten Unai eta Eñaut Agirre bertsolariek eta Imanol Kamio musikariak. Agirre anaiek bertso batzuetan aita ere ondoan izan zuten kantari, eta eskolako gimnasioa ttiki gelditu zen. Bildutako bertsozaleek ederki gozatu zuten haien bertsoak adituz.
Antzerkia
Igandean, berriz, Txalo-Talo antzerki taldeak Kutsidazu bidea Ixabel antzerkia egin zuten eskolako gimnasioan, eta honekin ere, tarte ederra pasatzeko aukera izan zuten bildutakoek.
Liburu aurkezpena
Azaroaren 7an, kultur egunak borobiltzeko, Esnatu ala hil liburua aurkeztuko du Gari Goikoetxeak, 19:00etan liburutegian.