[ARGAZKIAK] Kultur egunak hasi dituzte aranztarrek

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 27a

Asteburuan eman diote hasiera kultur egunei Arantzan. Alde batetik, mus eta partxis txapelketak jokatu dituzte, eta bertzetik, musika tresnen tailerra eta erromeria egin dituzte. 

Larunbat arratsaldean Ekaitza Elkartean egin zuten hitzordua. Alde batetik, 14 urte bitarteko neska-mutikoak partxisean aritu ziren, eta horien artean, Oihan Leiza eta Aner Mariezkurrena gelditu ziren txapeldun. Txapeldunorde, berriz, Aratz Leitza eta Hegoi Iparragirre izan ziren. Segidan, mus txapelketa jokatu zuten, eta txapeldunak Imanol Lukanbio eta Xabi Iturria izan ziren. Bigarren saria Iruñea aldera joan zen. 

Igande arratsaldean, berriz, musikaren bueltan ibili ziren haurrak eta gurasoak. Lehenbiziko, Aliritzi taldearen eskutik, instrumentu tailerra egin zuten, eta ondotik, denak musikari, kantari eta dantzari bihurtu ziren. Aski arratsalde polita pasatu zuten, eta eguna borobiltzeko, guraso elkarteak txokolate beroa eta bizkotxoak banatu zituen. 

Ondoko egunetan emanen diete segida kultur egunei. 

Sukaldaritza tailerra

Asteazkenean, urriaren  29an, sukaldaritza tailerra izanen da. 17:00etatik 19:30era bilduko dira eta garaiko eta bertako produktuekin plater osasungarriak egiten ikasteko aukera izanen dute eskolako gimnasioan, Miriam Ortizekin. Plaza mugatuak dira eta izena 678 03 50 16 telefonora deituta eman behar da. Hamar euro ordaindu behar dira.

Baserritarren Eguna eta bertso saioa

Azaroaren 1ean, goizean, Baserritarren Eguna izanen da. Frontoian bertako produktuen eta eskulanen erakusketa eta salmenta postuak paratuko dituzte. Horrez gain, gazta lehiaketa, trikitilarien kalejira, bertako produktuekin osatutako zarearen zozketa... izanen dira. 

Arratsaldean, berriz, Auskalo zeinek jarriak bertso emanaldia eginen dute Unai eta Eñaut Agirre bertsolariek eta Imanol Kamio musikariak. 19:00etan eskolako gimnasioan izanen da.

Antzerkia

Azaroaren 2an, Txalo-Talo antzerki taldeak Kutsidazu bidea Ixabel helduentzat antzerkia eginen du, 18:00etan eskolako gimnasioan.

Liburu aurkezpena

Azaroaren 7an, kultur egunak borobiltzeko, Esnatu ala hil liburua aurkeztuko du Gari Goikoetxeak, 19:00etan liburutegian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun