XXIX. aldiz Baserritarren Eguna ospatuko dute larunbat honetan Arantzan

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 30a

Kultur egunak joan den asteburuan hasi zituzten aranztarrek. Eta asteburu honetan ere ez dute aspertzeko astirik izanen. Larunbat goizean, Baserritarren Eguna izanen dute, arratsaldean bertso saioa eta igandean, berriz, antzerkia.  

Asteburuan hasitako kultur egunetako hitzorduei, atzo eman zieten segida aranztarrek, eta sukaldaritza tailerra egin zuten.

Atzo arratsaldean sukaldaritza tailerra egin zuten Arantzan, eskolako gimnasioan. 

Larunbatean, berriz, azaroaren 1ean, Ekaitza Elkarteak antolatuta, XXIX. aldiz Baserritarren Eguna eginen dute. Goizean goizetik, herritarrek salmentako eta erakusketako postuak paratuko dituzte frontoian: baratzeko eta baserriko produktuak, eskulanak, argazkiak, postreak, opilak... Ostatua ere izanen da jatekoarekin eta edatekoarekin, eta 11:00etan gazta lehiaketa hasiko da frontoian bertan. Horrez gain, herriko trikitilariak eta pandero jotzaileak herrian barna eta frontoian ibiliko dira eta Ekaitza Elkarteak txartelak salduko ditu, gazta lehiaketako sari banaketaren ondotik, bertako produktuekin osatutako zarearen zozketa egiteko.

11:00etan gazta lehiaketari hasiera emanen diote. 

Arratsaldean, berriz, Auskalo zeinek jarriak bertso emanaldia eginen dute Unai eta Eñaut Agirre bertsolariek eta Imanol Kamio musikariak. 19:00etan eskolako gimnasioan izanen da.

Antzerkia

Azaroaren 2an, Txalo-Talo antzerki taldeak Kutsidazu bidea Ixabel helduentzat antzerkia eginen du, 18:00etan eskolako gimnasioan.

Liburu aurkezpena

Azaroaren 7an, kultur egunak borobiltzeko, Esnatu ala hil liburua aurkeztuko du Gari Goikoetxeak, 19:00etan liburutegian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun