Beharra duten pertsonei etxez etxeko janari zerbitzua eskainiko zaie astelehenetik ortziralera
Erakunde horien ordezkari izan dira Jokin Apezetxea (Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko teknikaria), Ladis Satrustegi (Lesakako alkatea), Laura Apeztegia (Andra Mari Zahar Etxeko zuzendaria), Igone Salinas (Andra Mari Zahar Etxeko gizarte langilea), Marilen Telletxea (Lesakako Osasun Zentroko erizain burua) eta Marixabel Lopez de Uralde (Osasun Zentroko gizarte langilea).
Ladis Satrustegi alkatearen erranetan, «zaintzaren inguruko proiektua da, azaroan edo abenduan martxan paratuko duguna. Zahar Etxeak badu bere sukalde propioa eta hori hobekiago erabiltzen ahal genuela pentsatu genuen, zerbitzu zabalago bat eskaini eta zenbait formula aztertu eta gero, bideragarriena etxez etxeko zerbitzua ematea zela erabaki dugu. Profil jakin bat betetzen duten lesakarrei etxera eramanen zaie janaria, zaintza moduan eskainiko den zerbitzua izanen da».
Zahar Etxeko Laura Apeztegiak aipatu duenez, «zahar etxean 41 plaza ditugu bertan bizitzeko eta bortz eguneko egonaldirako, astelehenetik ortziralera, eta jangela zerbitzua eskaintzen diegu. Sukalde hori kanpora zabaltzea pentsatu genuen. Abuztuan hasi ginen Haur Eskolarako otorduak eramaten eta orain, hurrengo pausua izanen zen herriko adinduei eta beharra dutenei janaria eramateko zerbitzua martxan jartzea: otordua prestatu eta nahi bada bertan bildu edo etxera eraman. Lesakan erroldatua izatea eskatzen da, 65 urtetik goiti izatea eta mendekotasun balorazio ofiziala izatea edo 60 urtetik goiti eta %33tik goitiko ezintasuna edo desgaitasuna izatea edo gizarte bazterketa jasateko arriskuan egotea. Eskaerak osasun zentroan, gizarte zerbitzuan edo zahar etxean eginen dira eta kasuak banan bana baloratuko dira».
Astelehenetik ortziralera
Zerbitzua astelehenetik ortziralera emanen da, «hamar bat plazarekin hasiko gara, poliki-poliki zabaltzeko asmoarekin», Apeztegiaren erranetan. Prezioari dagokionez, zahar etxean bertan biltzen bada 7 eurokoa izanen da eta 7,50 eurokoa etxera eramanez gero.
Osasun Zentroko Marilen Telletxeak adierazi duenez, «mediku-erizainei eta gizarte langileei tokatuko zitzaigun kaptazioa egitea, balorazio sozio-sanitario bat egin eta beharra badela ikusten badugu, elikadura osasungarriaren errezeta eginen genuke eta zahar etxeko sukalde osasungarrira bideratuko genituzke. Elkarlanean, komunitatean dagoen behar bati erantzuna ematea izanen litzateke helburua».
Gizarte Zerbitzuetako Jokin Apezetxeak aipatu duenez, «arras interesgarria iruditzen zaigu gizartearen onurarako zerbitzuak optimizatzea, hau elkarlanaren adibide ederra da: udala, osasun zentroa, zahar etxea, gizarte zerbitzua… elkarrekin zerbitzuei etekin handiagoa ateratzen ahal zaie. Profila bete dezaketen pertsonekin harreman estua dugu eta guretako berri arras ona da, kontent eta ongi etorria zerbitzu berria. Ez da bakarrik norbaiti janari osasuntsua etxera eramatea, etxez etxeko zerbitzuan ere ikusten dugu hori: aitzaki bat da norbaiti kuku egiteko, pertsona horrek norbaitekin solastatzeko, ezagutzeko… zerbitzu bezala detekzio bat bada, bakardade arriskuan daudenei jarraipen bat egin ahal izatea, gure etorkizuneko lan ildoetako bat izan daiteke».
Ladis Satrustegik gogorarazi duenez, «lehendik dagoen azpiegitura bat aprobetxatzen dugu, baina langile kopurua handituko da (langile eta erdi izatetik, jardunaldi osoan hiru langile izatera pasatuko da) eta sukaldean aritzen direnek beraiek izanen dira janaria etxez etxe eramanen dutenak. Txandetan eta antolaketan horrek hobekuntzak ekarriko ditu eta lana erakargarriagoa izanen da. Esfortzu ekonomiko bat gehiago da, baina inbertsio ona, merezi duen apustua eta zerbitzua da. Eta zerbitzua erabiltzen duten pertsonekin harreman estuago bat izanen da, nola dauden jakinen dugu…. Zaintza publiko-komunitarioan aitzinera pausu bat da. Elkarlana balorean jarriz, herritarren zaintzan sakontzea du helburu proiektu honek, dauden beharrei erantzun bat emanez». Izan ere, zaintza bere osotasunean lantzen ari dira Lesakan, zaintza mahaiaren osaketarekin. Parte hartze saioak egiten ari dira. Gaur bertan Zaintzak karrikan! elkarretaratzea deitua dute Beheko Plazan eta urriaren 25ean zaintza jardunaldiak eginen dituzte.
Informazio gehiago behar izanez gero, Lesakako herriko etxean, Bortzirietako mankomunitatean, Lesakako osasun zentroan edota zaharren egoitzan galdetu behar da.