Lesakako ferien inguruko herri galdeketa egitea onartu du udalak

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 7a

Feria eguna noiz egin erabakitzeko herri galdeketa eginen du Lesakako Udalak.

Lesakako Udalak urriaren 6an egindako osoko bilkuran, aho batez onartu du Lesakako Ferien inguruko herri galdeketa egitea, eta hartara herriak berak erabaki dezan feriak zein egunetan egin.

2025eko martxoan onartutako parte hartze ordenantza eta toki esparruko herri kontsultak arautzen dituen Foru Legearen irizpideak erabiliz, Lesakako Udalak herri galdeketa bat eginen du, Lesakako feriak egunik egokienean jartzeko asmoz.

Parte hartze legeek agindutako epeak errespetatuz zehaztuko da bozketaren eguna zein izanen den, eta laster zabalduko dute horren inguruko informazio gehiago.

Gogoratu behar da ferietan aziendak plazaratzen dituzten zenbait abeltzainek feria eguna ortzegunean egin beharrean ortziralera aldatzea eskatu zutela uda hasieran egindako agerraldian, eta duela astebete, irailaren 29an, gaia jorratzeko besta batzordea ere batzartu zela Lesakako herriko etxean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun