BORTZIRIETAKO ABELTZAINAK

«Lesakako feria eguna ortziralean egitea nahi dugu»

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 19a, 08:00

Joseba Martikorena, Harri Maritorena, Mattin Endara, Joseba Bergara, Sabino Korta, Joxean Igoa eta Beñat Oronoz abeltzainak.

Bortzirietako abeltzainek feria eguna ortzegunetik ortziralera aldatzeko eskaria egin diote Lesakako Udalari. Hasieran proposatutako herri galdeketa deitzea baztertuta, honen berri emateko Besta Batzordea egitekoa da irailean, baina aitzinetik gaia plazaratu nahi izan dute.

Bortzirietako udazkeneko ferietan aziendak Lesakako plazara eramaten dituzten abeltzainek eskari garbia egin dute: «Gure hobe beharrez, herriko hainbat sektoreren hobe beharrez zein Lesakako ferien hobe beharrez, feria eguna ortzegunetik ortziralera pasatzea nahi dugu, eta horrela eskatu diogu herriko etxeari ere», diote. Aldaketa gauzatuko ez balitz, abeltzainek, protesta gisa, «animaliak plazara ez ateratzeko erabakia hartu dugu», baina, aldi berean, «prozesua aitzinera eramateko eztabaidetan laguntzeko prest gaude». 

Ez da bakarren bati, bero kolpe batean, bapatean gogoratutako zerbait, «Lesakako plazara aziendak eramaten ditugun bortz herrietako 32 abeltzainetatik 30ek sinatu dugu idatzia, gehien gehienak ados gaude honetan». Denak ezin bildu eta baserritar horien ordezkari, Lesakako Nabaz auzoko Makuko borda baserriaren atarian solasean lagun izan ditugu Joxean Igoa (Berako Begibeltzeneko borda), Beñat Oronoz (Lesakako Makuko borda), Sabino Korta (Alkaiagako Matxinea), Oihan Olaizola (Lesakako Iru-Bide), Harri Maritorena (Berako Morkotzen borda), Mattin Endara (Berako Martin borda), Joseba Martikorena (Berako Lizuniaga) eta Joseba Bergara (Arantzako Usaineko borda).

Aspaldian hausnartutako kontua ere bada, «azken urteetan baserritarrok gure artean aipatutakoak, lagun artean, plazan berean edo ordu ttikitan, beti sumatzen dugu pentsamendu hori, ‘denentzat hobe izanen litzatekeela feria eguna ortzegunetik ortziralera pasatzea’, baina beti hor gelditu den kontua da. Herriko etxeko ordezkariekin ere solasaldi informaletan aunitzetan ateratako kontua da, baina orain idatziz eskatu dugu, beraiekin bilerak egin ditugu eta ofizialki jakinaren gainean daude». 

«Ortziralean ez bada, aurten ez dugu aziendarik plazaratuko»

Abeltzainek diotenez, «Lesakako feriak ez doaz gero gehiagora, inondik ere, goizean ez da jende aunitzik izaten, gustatzen zaigunok bai, baina bertze gazteek ez dute libre hartzen egun hori feria ikusteko. Aunitzek ortziralea hartzen dute libre, ortzegun arratsean besta egiteko eta aunitzek ezta hori ere!». Ez da urrun joan beharrik feriak ortziralean ospatzen dituzten herriak topatzeko, Elizondon eta Donezteben hala izan dira beti. «Guk feriak mantendu nahi ditugu, Lesakako feriak 1499tik egiten omen dira eta 526 urtez egin badira, aurten 527garren urtez eginen dira, ortziralean izanik ere. Ortzeguna deus gabe ez uzteko, gaur egun asteazkenean egiten den merkatu eguna pasa daiteke ortzegunera». Joxean Igoak dioenez, «maila polita hartu dute Lesakako feriek, eta pena litzateke hori galtzea». Aziendak eramatearen truke dieta bat eta onenei saria ematen dien Nafarroako bakanetakoa da Lesakakoa. «Laguntza guztia ongi da, baina sinbolikoa da, horrek ez du eragiten duen gastu guztia estaltzen.  Behi bakoitzeko 50 euro ematen dute, baina behirik merkeenak ere 2.000 euro balio ditu eta batek min hartzen badu edo edozein kolpe…», aipatu digu Beñat Oronozek.  

Besta batzordea irailean

Lesakako herriko etxeko udal ordezkarien artean ez dute Bortzirietako abeltzainen eskakizun horren kontrako jarrera irmorik topatu, «baina bere bidea egin behar duela aipatu digute. Hasiera, herri galdeketa egin beharko genuela erran ziguten eta horren prozesua abiatu beharko genukeela, baina gu ez ginen horrekin konforme. Hau baino gauza handiagoak galdeketarik gabe egin direla uste dugu eta gu hori antolatzen hastea ez zaigu bidezkoa iruditzen. Orain, Besta Batzorde bat egitea proposatu digute, eskaera honen berri herritarrei emateko eta horixe eginen dugu. Irailean eginen dugu, baina, aitzinetik, solasaldi honen bidez ere, herritarrek gure eskaeraren berri izatea nahi genuke».

«Gaiaz aritzeko besta batzordea bilduko da irailean»

Izan ere, feria egunean plaza ingurua aziendaz betea ikustea gauza ederra da, baina behiak eta aratxeak, zaldiak, behorrak eta pottokak edo ardiak plazara eramateak zenbateko lana eragiten dien inor guttik daki. «Azienda urte osoko lana da –diote–, eta gehienok, abeltzaintzaz gain, bertze lan bat ere izaten dugu. Baina feria egunaren inguruan, bizpahiru eguneko lan extra ere bada: aziendak bildu, garbitu, txukundu, gero eta gehiago eta zorrotzago eskatzen dituzten paperak, txertoak, odol-analisiak, guiak (garraiatzeko pasaportea), baimenak… bete, garraioa ordaindu, laguntzaileei bazkaria ordaindu… eta gero etxerako biderako berriz bildu eta eraman. Hori dena egin eta, ortzeguna izatearekin, gehienok biharamunean lanera joan behar izaten dugu. Ortziralean balitz, hurrengo egunean lanera joan beharrik gabe, beharbada feria egunaz, arratsean bederen, pixka bat gehiago gozatzeko aukera izanen genuke. Egun bat libre hartzen ahal da, baina bi egun libre hartzea kosta egiten zaio jendeari».

«Denentzako hobea da»

Baina beraien ustez, ortziralera pasatzea ez da abeltzainentzako bakarrik mesede: «Uste dugu denentzat hobea dela. Abeltzainontzat zer erranik ez, azken urteetan badira aziendak plazaratzen ez dituztenak ere. Ez dugu uste ortziralean paratuta abeltzain gehiago izanen direnik, hori zaila da, baina ortzegunean segitzen bada, gero eta guttiago izateko arriskua bada. Ostalaritzan aritzen direnek ere begi onez ikusiko lukete, azken aldian nabari baita ortzegun arratseko giroa gainbeheran dela, besta egin behar duenarentzat ere, ez da gauza bera ortzeguna edo ortziralea. Karrikako saltzaileen postuak ere, ez dago konparaziorik, Donezteben eta Elizondon izaten den postu pila eta Lesakan izaten dena. Gainera, eguraldi txar samarra egiten badu, ortzegun arratsalde batean, ez da inor ibiltzen postuetan».

«Abeltzainontzat ez ezik, aldaketa denentzat hobea dela uste dugu. Ez dugu betiko tradizioa hautsi nahi, feriari eutsi baizik»»

Herriko etxeko udal ordezkarien artean ere denetik topatu dute, «batzuk begi onez ikusten dute gure eskaera, badira hau baino gai garrantzitsuagoak badirela eta berdin-berdin zaienak, baina badira "klasikoagoak", historikoki horrela egin dela eta tradizioarekin segitzea nahiago dutenak. Iritzi guztiak errespetagarriak dira, noski, baina ortzegunetik ortziralera pasatzea ez da tradizioa hautsi nahi izatea, ez da berekoikeria ere, denentzako hobe beharrez ari gara… Lehenago aste osoko feria izaten omen zen, beti-beti ez da orain ezagutzen dugun bezalakoa izan. Lesakako bestak ere, bere garaian San Martin bestak izaten ziren, herriko patroia, urrian, baina eguraldiagatik edo dena delakoagatik, orain San Fermin bestak dira, uztailean. Hori aldaketa handiagoa da! Egia da feria eguna ez dela azienda bakarrik, baina % 90 bai, eta bertze sektoreei ez die inolako kalterik egiten eguna aldatzeak, alderantziz. Beraz, aurten berean, ortziralean ez bada, aziendarik ez plazaratzeko asmoa dugu».  

Feria eguna ortziralera pasatzea «denendako hobe» dela uste dute abeltzainek.

 

Sektorearen gorabeherak

Feria eguna alde batera utzita, lehen aipatu bezala, gehienek, abeltzaintzaz aparte, bertze lanbide bat ere badute. «Aziendak kapritxo bat dira azkenean, gustuko dugun zerbait», dio Beñat Oronozek. «Nafarroan abeltzainen adinaren banaz bertzekoa 60 urtekoa da, belaunaldi arteko erreleboa hagitz zail dago eta, aldiz, harritzekoa da gure inguru honetan zenbat gazte ari garen aziendekin lanean, kontuan hartuta lanbide horretarako zein eremu makurra eta aldrebesa den». Harri Maritorenak gogoratzen duenez, «burokrazia kontuak gero eta zailagoak dira, azienda gehiago paratzeko lur eremu gehiago izatea eskatzen dizute eta ezinezkoa egiten zaigu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun