Berako bestetan izandako erasoak salatzeko agerraldia egin dute

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 16a

Atzo egin zuten prentaurrekoa Herriko Etxeko arkupeetan.

Abuztuan ospatu zituzten Berako bestak eta hainbat eraso izan ziren. Herriko hainbat eragilek erasoa salatzeko agerraldia egin zuten atzo. Eraso horiek «jendartearen oinarrian dagoen gizontasunaren ereduaren ondorio» direla salatu dute eta erasotzaileei zein ingurukoei «aitzinean izanen dituztela» erran diete.

Prentsaurrekoa osoaren bideoa ikusgai dago albiste barrenean.

Hainbat eragile elkartu ziren atzo erasoak gaitzesteko egindako prentsaurrekoan: Txosna Batzordearen parte diren Espidobaita elkartea, Barraskilo gazte taldea eta Goldatz talde feminista; Berako Udaleko ordezkariak, Bortzirietako Berdintasun teknikaria, Labiaga ikastola, ostatuetako ordezkariak eta bertze hainbat eragile eta norbanako.

Bertan nabarmendu zuten herri mugimendua «bestak guztiok ongi pasatzeko gune segurua izateko lanetan» aritu dela hilabete luzez:«Erasoen kontrako protokoloak berritu dira, berdintasun zerbitzutik erasoen kontrako informazio gunea jarri da, erasotuentzako Puntu Morea eta txosnagunean erasotuak artatzeko txokoa egokitu dira, karriketan kartelak eta pankartak jarri dira eta ostatuek protokoloa bereganatu dute, bertzeak bertze. Egindakoak eginda ere, badirudi gure lana ez dela denon gustukoa izan eta batzuk zakarkeriaz bete dituzte herriko bestak», salatu dute.

Txosnetako eta udaleko ordezkariak, Berdintasun Teknikaria, Labiaga ikastolako kideak, ostatuetakoak eta hainbat eragile eta norbanako bildu ziren prentsaurrekoan

Bestetan izandako eraso denak zerrendatu zituzten: «Herriaren askapenerako ezinbertzekoak diren aldarrikapenen pankartak erre dituzte; denenak diren herriko guneak xehatu dituzte, tartean Toki Onako negutegia; ostatuetako komunak hautsi eta altzariak harrika bota dituzte; ostatuetako su-itzalgailuak barran hustu dituzte; bestetarako paratzen diren komunak eta kontainerrak errekara bota dituzte; ostatuetako espazioa erabat bereganatu dute harrokeria eta indarkeria erakustaldi bilakatzeko, txosnako txandalariak jazarri dituzte eta eraso matxista, arrazista eta homofoboak salatzen dituztenak artatzeko jaima behin baino gehiagotan erre dute».  Gainera, abuztuaren 2an txupinazoa bota zen momentuan plazan aditu ziren «oihuak eta errespetua faltak» ere salatu zituzten. 

Herriko Etxeko plazan frankismoak fusilatutako Txiki eta Otaegi oroitzeko paratutako pankarta kendu izana ere salatu zuten, eta oroitarazi ez «dutela onartuko frankismoa zuritu edota onartzen duen jarrera faxistarik». 

Gizontasun eredua jomugan

Eraso guztiak «jendartearen oinarrian dagoen gizontasunaren ereduak» sortzen dituela nabarmendu zuten: «Iaz eskualdeko mugimendu feministak adierazi zuen gisara, maiz ematen ari diren jarrera hauek indarkeria matxistaren izebergean azpiraturik dauden adierazpena dira. Haien biolentzia erakustaldiak babesten ez dituztenak jazarri eta azpiratze du helburu, inpunitate osoz gainontzekoen gainetik jarriz eta pribilegiatuak izaten jarraitu dezaten».

Erasoek gaur egungo besta eredua «zalantzan paratzen dutela» salatu zuten

Eraso guztiek gaur egungo «besta eredua zalantzan jartzea» eragin duela azaldu zuten: «Batzuk ongi pasatzeko bertzeak azpiratu behar badituzte ez dira guztiontzako bestak. Nahikoa da». Hala, erasotzaileei  mezu zuzena bidali diete: «Ez dugu zuen indarkeriaren aitzinean amore emanen eta behar bertzetan aitzinean izanen gaituzue. Zuen jarrera biolentoak alde batera utzi arte eta zuen maskulinitate eredua deseraiki arte, ez dugu etsiko».

Erasorik egin ez, baina erasoen aitzinean isilik gelditzen diren horiei ere mintzatu zitzaizkien: Ez bazara konponbidea arazoaren parte zara. Jarrera bortitz horiek justifikatzea eta pertsona horiek babesteak konplize egiten zaitu. Erasotzaileak babesteak erasotzaile egiten zaitu. Beraz, hartu dagokizun erantzukizuna».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun