Azaroak 25

Udako erasoak salatu eta azaroaren 25eko ekitaldien parte hartzeko deia egin du mugimendu feministak

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 18a, 12:00

Baztango, Malerrekako, Bertizaranako, Bortzirietako, Xaretako eta Azkaingo mugimendu feministako ordezkariak bildu ziren agerraldian.

Baztango, Malerrekako, Bertizanarako, Bortzirietako, Xaretako eta Azkaineko mugimendu feministak agerraldia egin zuen atzo. Udan izandako eraso matxistak salatu zituzten, eta herritarrak bultzatu zituzten azaroaren 25aren bueltan antolatutako ekitaldietan parte hartzera.

Lizuniagako muga harrian elkartuta, komunikatu bateratua irakurri zuten eskualdeko mugimendu feministako ordezkariak. Bertan salatu zutenez, udan indarkeria matxista kasu aunitzen lekuko izan dira.

Horiek denak zerrendatu zituzten: «Lesakan, sanferminetarako protokoloaren prestaketan harrapatu gintuen karrikan gertatutako eraso batek, eta bertze hiru eraso kudeatu behar izan genituen sanferminetan bertan. Berako bestetan, gizonezko batek emakume bati sexu erasoa egin ziola jakin genuen bestak akabatu eta egun gutitara. Narbarten, nekez lortu zen Bertizaranako Udalak herriko hautetsi baten dimisioa eskatzea herrian gertaturiko eraso matxista batekin zerikusia zuelako. Elizondon, Baztandarren Biltzarraren bezperan, sexu erasoa egin zion gizonezko batek emakume bati. Elizondoko bestetan hainbat eraso salatu ziren eta Amaiurren, herriak, brigada moreak eta eragileek salaturiko eraso fisiko baten erantzuna hainbat herritarrek zalantzan jarri zuten».

Aldi berean, hainbat gizonezkok mugimendu feministak antolaturiko ekitaldi eta proposamenak boikoteatu dituztela salatu zuten: Saran banderola feminista urratzeaz gain, bestetako egitarau feministaren aurka jo zutela, Amaiurren pankarta feministak eta eraso matxisten kontrako protokoloa xehatu zituztela, eta Beran bestetarako proposatutako neurri feministak gutxietsi eta pankarta bati su eman ziotela.

Eskualdeaz gain, Gisèle Pelicoten kasua eta Iñigo Errejonen kontrako akusazioak ere aipatu zituzten. Urrian,  Iruñeko Arrotxapea auzoan gizonezko batek hildako Kayle Villar Pons ere izan zuten gogoan. «Berria egunkariaren zenbaketaren arabera, hain zuzen, 2003tik 123 emakume eta 12 ume hil dituzte gizonezkoek Euskal Herrian. Zenbaki hauen gibelean indarkeria eta sufrimendu ikaragarria dago. Gainera, zifra hauetatik kanpo gelditzen dira erailak izan diren biktima aunitz».

Eraso horien gibelean, «gazteen artean eta sare sozialetan nagusitzen ari diren diskurtso misoginoak» daudela salatu zuten:«eskuin muturraren ideiak batere lotsarik gabe hauspotzeko tresna dira. Hauek lotura zuzena dute uda honetan eskualdean bizitu ditugun emakumeon kontrako eraso eta feministon aurkako oldarraldiarekin».

Indarkeria matxistaren kontra egiteko gabeziak

Indarkeria matxistaren kontra egiteko baliabidetan «gabezia haundiak» daudela salatu zuten. Alde batetik, Malerrekan eta Lapurdin berdintasun zerbitzurik ez dutela oroitarazi zuten, eta ezta eraso matxisten kontrako protokolorik ere. Eskualdeko bertze herri aunitzetan, aldiz, erasoen kontrako protokoloak besta eremura mugatzen diela salatu zuten. «Nafarroako indarkeria matxistaren aurkako zerbitzuak Iruñean zentralizatuak daude, eta, beraz, horiek erabili behar ditugunok bidaia luzeak egin behar izaten ditugu N-121-A errepide arriskutsuan barna.

Halaber, «indarkeria matxista sexu eta genero botere harremanen adierazpiderik larriena» baino ez dela oroitarazi zuten, eta  azpian «zapalkuntza eta zigorgabetasun sistema errotu bat» dituela. Horri horrela, nabarmendu zuten herritar, eragile eta instituzio guzien ardura dela indarkeria horren oinarrian dauden botere harremanak zalantzan jarri eta aldatzea. «Horretarako beharrezkoa da mugimendu feministak egiten dituen planteamenduak aintzat
 artu eta babestea».

Azaroaren 25aren bueltan Euskal Herriko mugimendu feministak Euskal Herrian zein eskualdean Ez bazara konponbidea, arazoa zara lelopean antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zuten, eta baita urte osoan mugimendu feministarekin lanean aritzekoa ere «eskuz esku egoera hauek iraultzeko».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun