Bestak 2025

Hondarreko egunean ere animazio handia izan dute Berako bestetan

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 7a

Animazio handia izan da aurten Berako bestetan. Txupinazoa larunbat eguerdian bota zuten, baina ortziraletik sumatu zen mugimendua. Egunero egunero hainbat ekitaldi izan dira eta hondarreko egunean ere indartsu eta gogotsu ibili ziren beratarrak. Goizean Eltzaurdia eta Kaule auzoetan ibili ziren Bera Kantarikoak eta Suspelan Ezpelur gaiteroak. Eguerdian erraldoiek eta buruhandiek azken irteera egin zuten Altzatetik Herriko Etxera Ezpelur gaiteroek lagunduta. Tenore beretsuan mutxikoak izan zituzten Toki Onako patioan Otsanda taldearekin. Emakumezkoen pilota jaialdiak ere jendetza erakarri zuen Eztegara pilotalekura eta bi partiden artean omenaldia eskaini zitzaion aurten Nafarroako herriarteko ttikia irabazi duen Berako taldeari. Los Txingones de la Rencle mariatxiek jo zuten Toki Onako patioan eta ia egunero izan diren dantza herrikoiekin, zezensuzkoarekin, Harat taldearen kontzertuarekin eta Incansables txarangaren azken karrikabueltarekin borobildu zituzten bestak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun