Kirol alorrari dagokionean, partida nagusian Arrizabalaga eta Gaminde 22-19 gailendu zitzaizkien Goiuri Zabaleta leitzarrari Capellani partida benetan estuan. Lehia hagitz orekatua izan zen Berakoa, partida guztian zehar bi atzelariak nor baino nor aritu ziren, pilota une gehienetan bosgarren koadrotik gibelera ibiliz eta aurrelariak ere hagitz fin ibili ziren tantoak bukatzerako orduan, pilotazaleen gozamenerako. Era guztietako erremateak eskaini zituzten Arrizabalaga eta Zabaletak; ezker gantxoz, dejadaz… eta azken txanpan bizkaitarrek eraman zuten garaipena.
Jaialdia ireki zuen partidan ere gauza eder aunitz ikusi ahal izan ziren, nahiz eta Arraiza-Erasun errazago, 22-11, nagusitu zitzaizkien Etxegarairi eta Nahia Bertiz sunbildarrari. Modako pilotaria, Itxaso Erasun, atzeko koadroetara itzuli zen Bilbon kaiolan sekulako erakustaldiak eman ondoren eta bera izan zen partidako onena, gibelean Bertiz gazteari erabat nagusitu baitzitzaion. Dena dela, Sunbillako atzelariak itxura ona utzi zuen eta onenen artean leku bat egiten ari dela berretsi zuen. Aitzinean, Arraizak etekina atera zien bere atzelariak irekitako zuloei.
Bi partiden artean omenaldi ttiki bat egin zitzaien aurten Nafarroako herriarteko pilota txapelketa ttikia irabazi duten pilotariei.