Amaren lekukoa hartuta, gaur egun, Berako Igone liburu dendan egiten du lan Patricia Errandonea Astondoa beratarrak. Bere hitzetan, horixe du «bigarren etxea. Amak 1977an ireki zuen eta hemen hazia naiz». Hala ere, liburu dendan hasi aitzinetik, «20 urtez inguruko lantoki bateko bulegoan» aritu zen. «Gustuko» lana zuen; «biltegia kontrolatu, eskaerekin lagundu...». Baina amaren jubilatzeko asmoak aspalditik buruan zuen ideiarekin bat egin zuenean, pausoa ematea erabaki zuen: «Beti buruan genuen ama jubilatzen zenean, posible bazen, ni geldituko nintzela dendan».
Eta horixe egin zuen. Amaren jubilazioari alabaren «aldaketarako beharra» gehitu zitzaion, eta orduantxe ikusi zuen Errandoneak momentua: «2020ko urrian lana utzi nuen. Martxora arte amarekin aritu nintzen, eta martxoan, ama jubilatu zenean, nik hartu nuen dendaren ardura». Bere eguneroko martxa aldatu zaiola onartu du, baina ez da urrikitu: «Lehen, haurren zaintzagatik murrizketa eskatua nuen eta goizez bakarrik aritzen nintzen. Goizeko lana utzita, dendakoa egun osokoa bihurtu da, eta etxera joanda, paper tartean segitzen dut, lan honetan ez baita deskonektatzen. Baina, aldi berean, haurrak edozein momentutan etortzen ahal dira dendara. Eurentzat ere bigarren etxea da eta gustura ari naiz».
Zerbitzuen beharra
Bi lanbideak probatuta, autonomo izatea «lotua eta gogorragoa» dela aipatu du: «Bertze lanetan, hilabetero-hilabetero soldata finkoa izaten duzu, oporrak, baimenak... Baina aldi berean, autonomo izateak zure negozioa nahi edo posible duzun bezala moldatzeko aukera ematen dizu eta egiten duzun lana zuretzat da. Hori bai, aunitzek uste dutenaren kontra, ez gara jainkoak bezala bizi eta ez gara urrezkoak egiten. Lan aunitz egin behar dugu». Horrekin batera, autonomoak izatearen garrantzia aldarrikatu du, «herriak bizirik mantentzeko zerbitzuak beharrezkoak direlako»: «Gure egunerokoa etengabeko borroka da, baina komertzioak, ostatuak, zerbitzuak... behar dira. Gaur egun, zerbait konkretua behar ez baldin baduzu behintzat, Beratik atera gabe bizitzen ahal gara. Poliki-poliki zerbitzuak ixten hasten badira, deus gabe geldituko gara, lo egiteko herri. Espero dut halakorik ez gertatzea eta jende gaztea animatzea».
Kontuak kontu, Errandonea behintzat, egindako aldaketarekin «kontent» da, eta aldatzeko beldur denari «animatzeko» erran dio: «Zaila da erabakia hartzea, eta aunitzetan jendeari erabakiaren berri ematea ere ez da erraza. Nire kasuan jendeak entenditu zuen, amari dendan laguntzen aritua naizelako, eta ez genuelako denda itxi nahi. Baina aldaketak ez dituzte beti denek entenditzen». Berak, ordea, garbi du: «Aldaketak onerako direla uste dut».