Bestak 2025

Uztailaren 25ean eta 26an ospatuko dituzte Alkaiagako bestak

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 16a, 14:00

Alkaiagako auzotarrek bestak ospatuko dituzte heldu den ortziralean eta larunbatean, hilaren 25ean eta 26an. Ortziralean bazkaria izanen dute eta igandean bukatuko da bazkarira apuntatzeko epea.

Bertze urte batez egitarau zabala antolatu dute Alkaiagako auzotarrek. Ortziralean hasiko dira bestak 13:00etan mezarekin. Ondotik, suziria piztuko dute eta Maddi Ane Txoperena eta Josu Sanjurjo bertsolariak ariko dira kantari. Eguna borobiltzeko, auzotarren bazkaria eginen dute 14:30ean. 

Larunbatean izanen du segida bestak 11:00etan pilota partidekin. Ondotik, gaiteroak ariko dira auzoan barna jotzen.

Arratsaldean, Alkaiaga Trail lasterketa eginen dute, 17:00etan haurrena eta 17:30ean helduena. Lasterketan parte hartzeko izen ematea irekia dago eta aitzinetik alkaiagatrail@hotmail.com helbidera mezu bat bidalita, zein egunean bertan egiten ahal da. 

Lasterketa bukatzean, 19:30ean, Gure Txokoa Dantza Taldearen emanaldia izanen da, eta, ondotik bokata jatea eginen dute. 21:00etan AC/DC taldearen bertsioak egiten dituen The Malcolm Young Band taldearen kontzertua izanen da eta bestak borobiltzeko DJ Endara ariko da.

Bazkarirako izen ematea

Larunbatean bazkaria Alkaiagako Zelai Plazan izanen da 14:30ean eta ondotik Beñat Mitxelena musikaria arituko da jotzen. Bazkaritarako urdaiazpiko iberikoa, entsalada, frijituak, ajoarrieroa, txipiroiak, txuleta, postre dastaketa, kafea eta kopa izanen dituzte, edariak barne. Bazkaritarako txartelak 44 euroko prezioa du.

16 urtetik beherako haurrek berriz, frijituak, makarroiak, oilaskoa patatekin eta izozkia izanen dituzte bazkaltzeko, 16,5 euroren truke.

Bazkarira apuntatzeko epea igandean, hilaren 20an, bukatuko da, eta  Hamaiketako Janariak dendan edo Whatsapp bidez egin beharko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun