Azken hiru ikasturteotan Berako institutuan aritu da Endika Eugi Goñi elizondoarra, Ekonomia klaseak ematen. Unibertsitatera Sartzeko Probaren harira, «ikasgai batzuetan aldaketa handiak» izan direla onartu arren, «guretako aurtengoa baino makurragoa izan zen joan den urteko ikasturtea. Hezkuntza lege berria dela eta, edukiak majo aldatu ziren, eta material berria sortzen ordu batzuk pasatu genituen». Horrez gain, «selektibitate eredua aldatu behar zutela erran zuten; ohiko test galderetatik galdera irekietara pasatuz». Aldaketaren gainean «gardentasun falta eta iluntasun nahiko» sumatu zuen. «Ez ziguten eredu berriaren adibiderik pasatzen, eta erraten ziguten bakarra bertze erkidegoetako azterketa eredua sartuko zutela zen... Itsu-itsuan selektibitateko eredua asmatu nahian ibili ginen». Hala, iazko «eromenaren ondotik», aurten «hasmentatik» jakin dute nolako galderak izanen ziren eta «alde horretatik, nahiko ikasturte lasaia izan da».
«Orain, ikastea baino garrantzitsuagoa da entenditzea, eta entenditutakoa errealitatearekin lotzea»
Gainera, Ekonomiako azterketa ereduko aldaketekin «erabat ados» dago: «Azken finean, denak izan gara ikasle, eta denok ikasi dugu noizbait zerbait deus ere entenditu gabe. Baina orain, ikastea baino garrantzitsuagoa da entenditzea, eta entenditutakoa errealitatearekin lotzea. Politagoa eta praktikoagoa da».
Azterketak zuzentzeko irizpideen harira, honela mintzatu da: «Berez, azterketak konpetentzien arabera zuzentzen dituzte. Hau da, ikasleak galdera bat erantzutean konpetentzia bakar batean edo bat baino gehiagotan zer nolako lorpen maila izan duen ebaluatzen da. Baina gure kasuan, selektibitatea zuzentzeko erabiltzen den errubrika ez dago eskuragarri, eta horren falta sumatzen dut, egia erran».
Bertzalde, «pandemia garaitik selektibitatea errazagoa» zelakoan dago: «Orain arte, guti goiti-beheiti edukien % 50 ikasita, hamar lortzeko aukera zegoen. Aurten, aldiz, gure ikasgaian bederen, portzentaje hori dezente murriztu da, baina ikasleek oraino izan dute aukera galderen artean aukeratzeko eta dena ikasi behar ez izateko». Halere, heldu den urtetik aitzinera «aukera hori kenduko» omen dute, eta «eduki guzia menperatu beharko dute nota ona atera nahi badute».
Bide batez, «irakaslearen lana behar bezainbertze ez dela baloratua» errateko probestu du tartea, «maiz gutietsia» dela adieraziz. «Irakasleok ahal dugun guzia egiten dugu ikasleek etorkizun oparoagoa izan dezaten eta uste dut gure ikastetxeetan irakasle gehienak arras profesional onak direla!».