USP

«Lorpen idealena erkidego guzietan Unibertsitatera Sartzeko Proba berdina izatea izanen litzateke»

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 21a, 10:00

Itsaso FAGOAGA ETXARTE, Ingeleseko irakaslea

2019-2020 ikasturtetik Toki Ona institutuan Ingeleseko irakaslea, eta aurten bigarren Batxilergoko tutorea izan da Itsaso Fagoaga Etxarte.

Ikasturtea Unibertsitatera Sartzeko Probako (USP) aldaketen berri izan gabe hasi izanak «lanean eragina» izan zuela onartu du, baita «urduritasuna» sortu ziola ere: «Alde batetik, ez nekien ongi ari nintzen edo ez, eta bertzetik, aldaketa handiak izatekotan, material berria prestatu beharko nuela aurreikusten nuen. Material egokiak eta klaseak prestatzeak denbora eskatzen du eta ikasturtea hasita, ez dugu horrenbertze denborarik izaten». Irailaren 16an jakin zuten Ingeleseko azterketa nolakoa izanen zen eta hala baieztatu zuen «ez dela aldaketa handirik izan».

Bere ustez, «aldaketa nagusia eredu bakarra izatea izan da. Orain arte, ikasleek bi ereduren artean aukeratzen ahal zuten. Orain, aldiz, azterketa eredu bakarra egin behar izan dute, bai edo bai». Horrez gain, «azterketaren % 70 galdera irekiak edo erdi irekiak izan behar dute, ikasleen adierazpena eskatuz. Ingelesaren kasuan, % 60 horrela zen aitzineko ereduan; hortaz, ez da aldaketa handirik izan».

Horren gainetik «zuzenketa irizpideak ongi markatuak» izatearen garrantzia nabarmendu du Fagoagak: «bertzela subjektiboagoa izaten ahal da». Eta horrekin batera, «oraindik egiteko aunitz» dagoela dio: «Lorpen ideala erkidego guzietan proba berdina eta unibertsitate guzietan parametro bateratuak izatea izanen litzateke. Orain, erkidego bakoitzak bere azterketak prestatzen ditu eta nahiz eta lege bera izan, alde handia izaten da batzuetatik bertzeetara. Haztapen parametroekin berdina pasatzen da: unibertsitate bakoitzak bereak ditu eta unibertsitatearen arabera, gradu berdina egiteko sarbide notarako ikasgai diferenteak kontuan hartzen dituzte. Horrek USPn, borondatezko fasean, ikasgai gehiago egin behar izatea eragin dezake».

«Hizkuntza bat erakusten dut eta ikasleak hizkuntza hori entenditzeko eta komunikatzeko gai izatea da nire helburua»

Bertzalde, bigarren Batxilergoan dauden ikasleek hartuko duten bidea edozein dela ere, bere helburua «ikasleek hizkuntza gaitasuna lortzea» dela azpimarratu nahi izan du: «Hizkuntza bat erakusten dut eta ikasleak hizkuntza hori entenditzeko eta komunikatzeko gai izatea da nire helburua. Horrek garrantzi berdina du Unibertsitatera Sartzeko Proba eginen duenarentzat, ziklo bat eginen duenarentzat edo lanera joanen denarentzat».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun