Ekitaldi publikoa izanen da, eta nahi duen orok parte hartzen ahalko du irakurketa taldekoa izan edo ez. Hitzordua ortzegunean, hilaren 29an, izanen da 18:30ean herri liburutegian.
Zoriona, edo antzeko zerbait nobelari buruz ariko dira solasean. 2023ko Agustin Zubikarai beka irabazi zuen Mitxelenak nobelarekin eta iaz kaleratu zuen.
Honakoa da liburuaren sinopsia: Mediterraneora etorri da emakume alargundu berria. Doluaren zamak atzean utzi nahi lituzke, itsaso bareago honetako ur urdinetan jostatu. Bizitzari berriz egin irribarre, bizitza berri bati esan ongi etorri. Protagonista bera da kontatzailea, eta idazkera dotore bezain biziz, pausatu bezain adierazkorrez doa kontatzen gogoaren zirrikituetan gordetzen dituenak, baita bere egunerokoan gertatzen zaizkionak ere. Bidaia fisiko eta psikologiko bat dakarkigu eleberri labur eta hunkigarri honek, betiko gai giltzarrietan pausalekuak eginez: maitasuna, heriotza, seme-alabak… mundu honetako gure igarotzeari zentzua ematen diotenak.