‘LGTBIQ+ errealitateak’ solasaldia emanen dute Lesakan maiatzaren 23an

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 22a, 08:00

Fifitafefaren emanaldiarekin borobilduko dute ortziraleko aurkezpen solasaldia eta besta.

Eihera kooperatibako kideek ortziralean 19:00etan Eskolttikin emanen duten hitzaldiaren ondotik, pintxo potea eta Fifi eta Fefaren emanaldia izanen dute.

 

‘Eta zuk, Lesaka LGTBIQ+ pertsonentzat bizigarria dela uste al duzu?’ galderari erantzuna eman asmoz solasaldia emanen dute Eihera kooperatibako Kattalin Minerrek eta Iñi Etxezarretak maiatzaren 23an, ortziralean 19:00etan Lesakako Eskolttikin. Solasaldiaren ondotik pintxo potea eginen dute eta Fifitafefaren emanadia izanen dute Arrano ostatuan.

Ortziraleko solasaldia Lesakako udalak eta zenbait herritarrek egiten ari diren lanketa plazaratzeko lehen ekitaldi publikoa izanen da. Izan ere, Lesakako Udalak LGTBIQ+ fobiarik gabeko Nafarroako udalerrien sarean sartzeko eskaria egina du eta lanketa abiatua du. Ortziraleko solasaldia izanen da bidearen hasiera eta irailean bigarren faseari ekinen diote.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun