LGTBIQ+ LANTALDEA LESAKAN

«LGTBIQ+ errealitateei erreparatzeko apustua egin du Lesakako Udalak»

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 22a, 09:00

Lesakan LGTBIQ+ lantaldea osatzen duten Martxel Rodriguez, Uxue Royo, Eunate Romero eta Ladis Satrustegi, herriko etxeko balkoian.

LGTBIQ+ fobiarik gabeko udalerrien sarean sartzeko eskaria egin du Lesakako Udalak eta gai honen inguruko lanketa abiatu du. Ortzirale honetan solasaldia eta besta ttiki bat prestatu dute maiatzaren 17an ospatu zen LGTBIQ+ fobiaren aurkako nazioarteko egunaren harira.

 

LGTBIQ+ lantaldea Lesakako Udaletik sortu den proiektua da, baina herritarrekin batera. Bertan parte hartzen dute Uxue Royo eta Argiñe Ordoki berdintasun zinegotziek; Ladis Satrustegi alkateak; Eunate Romero, Lesakako mugimendu feministako kideak eta Martxel Rodriguez herritarrak. 

LGTBIQ+ fobiarik gabeko udalerrien sarean sartzeko eskaera egin du Lesakako Udalak, eta horrekin batera, udal gisa lanketa bat egiteko erabakia hartu zenuten. Zein izan da orain arte egin duzuena?

Lesakako Udalak Bortzirietako Berdintasun zerbitzuan parte hartzen du eta honen bitartez jaso genuen Nafarroako Berdintasun Institutuak (NABIk) sustatutako LGTBIQ+ fobiarik gabeko udalerrien sarearen berri. Osoko bilkura batean bertan sartzeko eskaera egitea erabaki genuen, aho batez, eta orain erantzunaren zain gaude. Sarean sartzeak LGTBIQ+ arloan hainbat konpromiso hartzea eskatzen du, eta, esperatu gabe, lanean hasi gara. Bertzalde, azken urteetan LGTBIQ+ errealitateak gure egunerokotasunean presenteago dauden arren, badira oraindik espazio batzuk kolektiboaren behar eta eskariak entzun eta horiei erreparatzeko arrotzagoak direnak. Erdigunerago ekarri izanaren arrazoi nagusietako bat mugimendu feminista eta LGTBIQ+ mugimenduaren mobilizazio eta agendak izan dira, eta instituzioak eskaera horien gibeletik joan izanaren pertzepzioa nahiko orokortua da kolektiboa osatzen duten kideen artean. Hau honela, herriko LGTBIQ+ bizitza eta errealitateei erreparatzeko apustua egin du aurten Lesakako Udalak. 

Eta nola gauzatuko da?

Prozesua bi urratsetan banatuko dugu, testuinguruari erreparatzeko diagnostiko bat eginen dugu 2025eko udazkenetik aitzinera, hutsune, ahulgune eta indarguneak identifikatzeko, baina ibilbide hau sostengatuko duten agenteak identifikatzea ezinbertzekoa da lehenik. Hortaz, aitzinetik oinarriak jarri, harremanak egin, abiapuntuko gakoak identifikatu eta tenperatura hartze bat egin behar dugu, horrela, modu irmoagoan eta sostengu handiagorekin iritsiko garelako irailera. Lesakak LGTBIQ+ ikuspegitik abiatuko duen ibilbidea bi unetan banatuko da, 2025eko udaberrian lehenik, eta irailetik aitzinera, ondoren. Proiektuaren gako nagusiak hauek dira: herriko LGTBIQ+ pertsonekin lehen harremana egin; LGTBIQ+ pertsonekin elkargune bat sortu; iraileko ibilbidearen gakoak identifikatu; herrian gaia txertatu eta kokatzeko ekimena sortu eta iraileko ibilbidea hasteko baldintzak eta abagunea sortu, kanpora zein barrura begira.

Eunate Romero (Mugimendu feminista), Uxue Royo (zinegotzia), Ladis Satrustegi (alkatea) eta Argiñe Ordoki (zinegotzia), Eskolttikin.

Arrasate eta Azpeitia bezalako herri handietan egin dute lanketa dagoeneko. Han egindakoa Lesaka bezalako herri ttiki batera ere ekar daiteke?

Eiherako lagunek egin dituzte LGTBIQ+aren inguruko proiektuak hainbat lekutan. Haiekin harremanetan jarri ginen, eta beraiek emanen digute laguntza teknikoa. Azpeitian egindako prozesuak sona handia izan zuen eta horrek beti animatzen zaitu horrelako lanketetan murgiltzera. Erreferente positiboak hagitz inportanteak dira, baina erabat gurea baldintzatu gabe. Lesakak badu bere berezko errealitatea eta bere ibilbidea garatuko du. Helburu antzekoak izanik, gero prozesuek beren garapen propioa izaten dute eta hori da hauen ezaugarri erakargarrienetako bat, ez dakigula zer suertatuko den zehazki. 

LGTBIQ+ mugimenduari dagokionez, zein da Lesakan sumatzen duzuen egoera, zer landu nahi duzue?

Lesakan sumatzen dugun egoerak ez du alde handirik Nafarroako bertze herriekin konparatua. Nafarroa lurralde kontserbadorea da oro har. Proiektuaren helburuei dagokienez, lehendabizi egoeraren "argazki" bat atera nahiko genuke, zein egoeratan gauden jakiteko. Aniztasunerako oinarri sendoak paratzea da bertze helburuetako bat. Horretarako, ikusgarritasuna eta erreferenteak garrantzitsuak dira. Garrantzitsua da azpimarratzea aniztasuna onuragarria dela biztaleria guztiarentzako, heteroa izan ala ez. Etorkizunean LGTBIQ+ "etortzear" dauden pertsonei askatasunez bizi ahalko direla trasmititu nahi genieke. Ez dutela sexilioaren beharra izanen armairutik ateratzeko eta beren bizitza garatzeko. Bertze aldetik, indarkeriari dagokionez, eraso homofobo edo transfoboak identifikatzea eta komuntitate bezala erantzun bat emateko prest egotea. 

Ladis Satrustegi alkatea, Uxue Royo zinegotzia, mugimendu feministako Eunate Romero eta Martxel Rodriguez herritarra kioskoan.

Lehenik, LGTBIQ+ komunitateko herritarrekin lehen harremana egin eta elkargune bat sortu nahi duzue udaberrian.

Bai, garrantzitsua da konfiantza esparru bat sortzea, espazio goxo bat eratzea. Bizipen, kezka, eta dena delakoak partekatzeko. Egoera pertsonaletik kontzientzia politikoa bereganatzeko. Horretan feminismoak aunitz erakutsi digu: "Pertsonala politikoa da". 

«Feminismoak aunitz erakutsi digu: 'Pertsonala politikoa da'» 

Komunitateko kideek bilkura ere egin nahi duzue eta berotze ariketa, herrian ere gai honen inguruan kontzientzia pizteko.

Zeharkatzen gaituzten errealitate cisheteronormatiboen inguruko gogoeta kolektiboa egin nahi dugu, sistema horren ertzetan dauden aukerak ikusazariz eta aldarrikatuz eta eztabaida sortuz. Herri bizigarriago bat amesterako orduan, isilaraziak izan diren identitateak eta bizimoldeak plazaratzea egin beharreko lanketa da. 

Hasteko, maiatzaren 23an hitzaldia eta besta ttiki bat antolatu duzue, egitasmoa plazaratzeko…

Bertze herrietan garatu dituzten ekimenak azalduko dizkigute Eiherako Kattalin Miner eta Iñi Etxezarretak, ortziralean 19:00etan Eskolttikin eta, ondoren, pintxo poteoa eta musika Fifi eta Fefarekin. Lesakako errealitatea zein den marrazten saiatuko gara. Bidearen hasiera moduko bat izanen da, gogoetarako espazio bat, Eiherako lagunek dinamizatua eta aktibatua. Ez dira zerbait berria azaltzera etorriko, gure problematikak detektatzeko begirada bat proposatzera baizik. 

«Herri bizigarriago bat amesterako orduan, isilaraziak izan diren identitateak eta bizimoldeak plaratzea egin beharreko lanketa da»

Lehen “ariketa” hauen ondotik, udazken aldera segida eman nahi diozue proiektuari… Zer egiteko asmoa duzue? 

Maiatzaren 23ko hitzaldia eta bestaren ondotik, Lesakako LGTBI+ kolektiboko kideen lehen bilkura eginen da. Eiherak dinamizatuta, kanpora begirako hausnarketa/elkarbanatze bilkura deituko da. Espazio hau, herriko LGTBI+ kolektiboko kideak batu eta dauden behar, hutsune, indargune eta aukerak kolektiboki hausnartzeko baliatuko da. Deialdia publikoa eta irekia izanen da, berdin du orientazio sexuala, identitatea edo jatorria, denak ongi etorriak dira. Horren ondotik berotze ariketa eginen dugu, irailean hasiko den bigarren faseari begira. Hau ere herriari begirako ekimena izanen da. Herrian kontzientzia piztu eta etorriko den prozesuaren sostengua ere izatea izanen du helburu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!