Lesaka eta Iruñea elkartuko dituen Puzzlea osatu arte! ekimena antolatu du Sare Herritarrak maiatzaren 17an eta 18an, «konponbiderako puzzle zatiak lotuko dituen ekimena». Lesakatik abiatuko da maiatzaren 17an, larunbat goizean eta hori girotzeko zenbait ekitaldi antolatu dituzte Lesakan, tartean bazkaria herriko etxeko arkupetan. Bazkari horretarako txartelak Arranon eskuratzeko hondarreko eguna maiatzaren 14a izanen da.
Irteera Lesakatik maiatzaren 17an
Puzzlea osatu arte! ekimenaren hasiera ekitaldia maiatzaren 17an, larunbatean 10:00etan eginen dute Lesakan, ‘Mattin, Igor eta Mikel etxera goiburupean. 10:15ean bizikleta martxa eginen dute zubitik zubira, 40 urte 40 txirrindulari izenburuarekin. 11:00etan argazki erakusketaren irekitzea eginen dute Arrano elkartean, jan-edanekin. Bitartean, aldarrikapen musikatuak zabalduko dituzte karriketan. 12:00etan bertso poteoa eginen dute argazki erakusketan barrena. 14:00etan bazkaria izanen dute herriko etxeko arkupetan. Ondotik, ArranoBand taldearen emanaldia. Bazkariko txartelak maiatzaren 14ra arte eskura daitezke Arranon (helduak 15 euro eta haurrak 8 euro).
Helmuga Iruñean maiatzaren 18an
Maiatzaren 18an, igandean, Iruñean ere egitarau zabala prestatu dute, ekimenaren helmugarako. 13:30ean bermuta izanen dute herriko tabernan, fanfarrearekin. 14:30ean bazkaria Arrano elkartean (txartelak 25 eurotan salgai Herrikon edo 948 22 28 28 telefonoan). 17:30ean kontzertu akustikoak Bolbora, Zaunka eta Skabidean taldeekin eta Fermin Balentzia bakarlariarekin. 18:45ean joaldunak Herrikotik udaletxera. 19:00etan Puzzlea osatu arte! Ekimenaren bukaera ekitaldia Udaletxeko plazan.
Aipatzekoa da igandean 18:00etan Etxarri Aranazko plazan kontzentrazioa ere deitu dutela.