Gero eta gehiago dira espetxe ibilbidean aitzinera egin eta zigorra erregimen irekian betetzen ari diren euskal presoak. Sare Herritarraren arabera, baina, oraindik ere erdiak inguru daude erregimen itxian: plataformaren datuen arabera, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko 58 kide. Hain zuzen, horien errealitatea hizpidera ekarri nahi dute maiatzaren 17an eta 18an eginen duten ekimenaren bidez.
Apirilaren 8an egindako aurkezpenean azaldu zutenez, preso horien jatorrizko udalerriak (denera, 29) bilduko dituzte bi eguneko ibilbide baten bitartez: Lesakan hasi, eta Iruñean bukatu. «Preso horiek etxerako bidea egitearen garrantzia nabarmendu nahi dugu, zigorra erregimen irekian betetzearena, eta zigorraren azken urteak etxean betetzeko beharra azpimarratu», azaldu zuten Sareko Nahikari Iturbek eta Mikel Mundiñanok.
Hurrengo urtean hamabost urte beteko dira ETAk jarduera armatua behin betiko bukatu zuenetik, baina Sare Herritarreko kideek gogoratu dute salbuespen legeek «etxerako bidea oztopatzen» dietela oraindik ere euskal presoei, hamabortz urte beranduago. Sarek erregimen irekien defentsa egin du, legediak aukera ematen baitu presoek zigorraren azken zatia modu horretan betetzeko. Zehazki, legeak dio presoek zigorraren erdia betetzen dutenetik jaso dezaketela hirugarren gradua, eta baldintzapean aske atera daitezkeela zigorraren hiru laurdenak egitean. Horrez gain, bigarren gradu malguago bat ere ezarri daiteke zigorra betetzeko. Euskal presoen kasuan, ordea, salbuespen politika da bide horren oztopo eta guztiek betetzen dituzte, modu batean edo bestean, zigorrak erregimen irekian betetzeko baldintzak.