Oier Ariznabarretak eta Ainara Urrutiak irabazi dute Berako Mendi Maratoi Erdiaren 19. edizioa

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 14a, 10:00

Euria, lainoa eta lokatza izan ziren atzo goizean Beran jokatutako Mendi Maratoi Erdiko protagonistak. 513 lasterkari atera ziren irteera puntutik eta horien artean nagusitu ziren Oier Ariznabarreta gizonezkoetan eta Ainara Urrutia emakumezkoetan.

Argazkiak: Ane Molinero eta Ainhoa Larretxea.

Bederatzigarren aldiz nagusitu zen Oier Ariznabarreta durangarra Berako helmugan ibilbidea osatzeko ordubete, 45 minutu eta 6 segundoko denbora eginda. Haren gibeletik sailkatu ziren Unai Zialtzeta eta Joseba Erro. Tarteko helmugako saria ere Ariznabarretarentzat izan zen.

Ariznabarreta lasterketaren buru izan zen une oro eta helmugara ere alde handiarekin ailegatu zen, bigarren sailkatua bi minutu baino gehiagoko aldea aterata. Podiumerako borroka hagitz estua izan zen, 48 segundoko aldea izan baitzen bigarrenaren eta seigarrenaren artean.

Emakumezkoen kategorian 2023an proba irabazi zuen Ainara Urrutia aretxabaletarra nagusitu zen. Urrutiak 2 ordu, 7 minutu eta 59 segundo behar izan zituen proba osatzeko. Haren gibeletik, minutu bat baino gutxiagora sailkatu zen iaz proba irabazi zuen Maddalen Jimenez herritarra. Hirugarren lekuan Ainhoa Insausti helmugaratu zen.

Ez Ariznabarretak ez Urrutiak ezin izan zuten probako errekorra hautsi.

Lehen beratarrak, Maddalen Jimenez eta Julen Errandonea izan ziren. Eta gizonezkoetan eskualdeko lehen lasterkaria Aimar Otxoteko lesakarra izan zen zortzigarren postuan.

513 lagunek hasi zuten lasterketa, eta horietatik 502 ailegatu ziren helmuga puntura. Azken urteetan bezala, jende aunitz bildu zen helmugan lasterkarien iritsiera ikusteko. Eguraldi txarragatik, aldiz, mendian, ohi baino ikusle gutxiago izan ziren.

Taldeka lehen sailkatua Hernaniko Zanpatuz Mendi Elkartea izan zen eta bigarren sailkatua Oiartzungo Intxixu Trail.

Emaitza guztiak hemen daude ikusgai.

Parte hartze handia Gazte Trailen

Helduen probarekin batera jokatu zuten Gazte Trail lasterketa hiru kategoriatan. Denera 60  bat parte hartzaile izan ziren Nafarroako Kirol Jokoetarako puntuagarriak ziren proban.

Gizonezkoen jubenilen mailan  Iker Sanchez nagusitu zen Juan Pes eta Unai Gallarragueren aitzinetik. Emakume jubenilik ez zen atera.

Kadeteen kategorian, berriz,  gizonezkoen proba Victor Fernandez nagusitu zen eta emakumezkoetan Lide Lizeaga. Infantiletan Martin Argüelles eta Sihets Aguirre izan ziren txapeldunak.

Kategoriaka sarituak

Gizonezkoetan absolutuak
  Emakumezkoetan absolutuak  
Oier Ariznabarreta 1.45.08 Ainara Urrutia 2.07.59
Unai Zialtzeta 1.47.20 Maddalen Jimenez 2.08.52
Joseba Erro 1.47.35 Ainhoa Intxausti 2.10.55
Walter Becerra 1.47.46 Ilargi Perez 2.11.26
Jokin Tolosa 1.47.55 Irati Larrañaga 2.13.40

 

Gizonezko beteranoak
  Emakumezko beteranoak
 
Unai Barazabal 1.54.34 Maud Combarieu 2.19.30
Raul Amatrian 1.57.33 Carol Donoso 2.23.29
Mikel Zubiria 1.59.15 Onintza Zeberio 2.28.21

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!