Euskaraldia

Euskaraldiaren Bortzirietako hamaikakoa aurkeztu dute Etxalarren

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 7a, 13:00

Hilabete eskas falta da Euskaraldiaren laugarren ediziorako, eta herriz herri girotzeko ekitaldiak egiten ari dira egunotan. Bortzirietan ere hasiak dira mugitzen, eta larunbatean aurkeztu zuten Bortzirietako hamaikako Etxalarren.

Euskaraldiaren gune ibiltaria herrian egotekoa zela aprobetxatuta, Etxalarren aurkeztu zuten Bortzirietan Euskaraldiaren enbaxadore izanen dira hamaika lagunak. Honakoa da hamaikakoa:

  1. Mikel Taberna Irazoki: Alkaiagakoa. Bertso munduan eta literaturgintzan ibilia. Bidasoaldeko historia kontuek interes berezia sortzen diote, eta hainbat ikerketa eginak ditu arlo horretan. Biologia ikasi bazuen ere, lan bizitzan euskara izan du langai: helduendako euskara irakasle aritu zen 10 urtez, eta ondotik ia 30 urte itzultzaile lanetan Nafarroako Gobernuan. Gaur egun jubilatua bai, baina erretiratua ez.
  2. Enaitz Telletxea Sein: 25 urteko gazte igantziarra. Irakaskuntza eta kirol ikasketak egindakoa: pilotaren munduan aritua da eta gaur egun Bortziriak Pilota elkarteko arduradunetako bat da.
  3. Miren Olaetxea Indaburu: Etxalarko ama bat, herriko talde feministan murgildua dagoena. Lorpenen lan egiten du eta pasio haundia du eskaladarekiko. Karmen Etxalarkoa izan zen garai batez.
  4. Alba Rodà Calvo: Katalunian jaiotako lesakarra. Duela urte batzuk ailegatu zen Euskal Herrira eta gaur egun hagitz integratua dago Lesakako bizitzan. Euskara hagitz ongi barneratzeaz gain, erreferentea ere bada hizkuntzaren beharrezkotasunari dagokion arloan.
  5. Begoña Rudi Arrondo: Beratarra da eta Erriberako familia du. Senideen artean bakarra izan da euskara ikasi eta egunerokoan erabiltzen duena. Haurdun zegoelarik hartu zuen hizkuntza ongi ikasteko erabakia eta gerora ikastolako musika irakaslea izan da urte luzez. 
  6. Beñat Mitxelena Danboriena: 37 urteko aranztarra.  Akordeoilaria ofizioz. Musikaria dela erran izan dioten arren, berak hori baino gehiago defendatzen du musikerua terminoa. Beti euskarari laguntzeko prest eta urte osoan ahobizi izatearen defentsa egiten duena. 
  7. Amaia Abuin Arrasate: familiarra, herrikoia eta musikazalea. Musikaria da Berako bandan eta abeslaria hainbat abesbatzetan. Puntuari eta gantxiloari katigatuta dago
  8. Julen Zelaieta Iriarte: Berako bertsolaria, eskualdeko Xorroxin irratiko errataria.
  9. Martxel Larraza Indaburu: 25 urteko gazte etxalartarra. Ikus entzunezkoetan eta kazetaritzan graduatua. Telebistan egiten du lan. Argazkigintzan eta bideogintza hagitz gustukoak ditu, eta baita musika eta natura ere. Kanpoan ibilia bada ere, herrira nahiko sustraitua dago. Egunerokotasunean euskaraz egiten du familiarekin eta lagunekin.
  10. Lourdes Larzabal Antxordoki: Igantziarra, bi seme-alabaren ama. Haur hezkuntzako irakaslea da Igantziko eskolan eta azkeneko hiru urtetan Bortzirietako Landa Eremuko Eskolen koordinazioaz arduratzen da.
  11. Kattin Madariaga Apaolaza: 16 urteko gazte aranztarra. Bitan jantzi du Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako txapela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!