Ibilbide luzea egin duzu dantzari moduan, zein mugarri azpimarratuko zenituzke?
Profesio edo lan bat bilakatu aitzinetik nire dantzarekiko erlazioan momentu klabe dexente bizitu nituen gaur arte eragina izan dutenak: etxean nahi nuen moduan libreki dantzatzetik (hori ahalbidetzen zuen familia testuinguru bateri esker), lehenbiziko dantza klase traumatikoei buelta eman eta Tantirumairu Dantza Taldeko lagunekin pasatako urte eder horiek, edo astean sei egunez ballet klaseak hartzera Donostiara joaten nintzeneko garaiak. Profesionalizaziora bidean Dantzaz Konpaian eta Danimarkako Black Box Dance Companyn pasatako urteak edo Kukairekin sorturiko Oskara piezak ere aipatzekoak dira, azken honetan ezagutu bainuen Marcos Morau koreografoa, nire/gure ibilbidean eragin haundia izan duen laguna eta erreferentea. Hari esker egin zuten topo Jon Lopezen eta nire bideek eta orduan hasi zen gaur arte iraun duen bide ero, nekez eta ederra.
Led Silhouette taldearekin mundu osoan ibili zara eta zabiltza… Zein panorama du dantza modernoak? Zein herrialdetan ibili zarete gustuen?
Arte Bizien sektorean orokorrean eta Dantza Garaikidearen esparruan bereziki, ekosistema kultural konplexu baten barrenean bizi gara, edo bizirauten dugu. Gure kasuan, epizentroa gorputzean eta mugimenduan duten dispositibo eszenikoak sortzera dedikatzen gara, hori da gure lan tresna, gure arma; gainontzeko aldagai eszenikoekin batera diskurtso bat eraikiz eta ikusleari dantzaren bidez eragitearen helburuarekin. Lan batek barne-koherentzia duenean eragite hori testuinguru aunitzetan ematen da eta uste dut horregatik gure lanak (gehien biratu dutenak) ailegatu direla publiko aunitzetara: Euskal Herria, Espainiar eta Frantziar Estatuak, Portugal, Italia, Belgika, Hungaria, Bulgaria, Malta, Kolonbia…
Zein izan dira taldearen sorkuntzak? Aitzinera begira bertze egitasmorik?
2016an hasi ginen gauzak probatzen, jostatzen, jolasak dituen aukera ireki infinituekin. Horrela, formatu ttiki-ertaineko lanak sortu genituen, kalekoak eta antzokikoak, eta pixkanaka emanaldi desberdinak egiten hasi ginen. 2019an ofizialki Lesakan jarri genuen gure lan egoitza eta ordutik gauza serio jartzen hasi zen: proiektu handiagoak egiten hasi ginen, jende gehiagoren parte hartzea inplikatzen zutenak, garestiagoak ere… Aldi berean dantza garaikidearen sektorearen interesa piztu genuen nolabait. Lan horien artean azpimarratuko nituzke Los Perros, Marcos Morauren eskutik sorturiko lana, dagoeneko 100 emanalditik goiti eginez; Halley 2024an sortua eta guretzat formatu aldetik orain arteko lan haundiena; Lertxunaren Hegada, Lesakako Mairu Antzerki Taldearekin eta Tantirumairu Dantza Taldearekin elkarlanean sorturiko lana, Gaizka Sarasolaren testuarekin. Orain eskuartean bi proiektu haundi ditugu, bata Iruñeko Ganbera Abesbatzarekin elkarlanean, Stravinskyren ezkontzetan, Les Noces, oinarritua eta bertzea DNA egonaldietan aukeratua izan den Ultimatum lana, abuztu osoan zehar Lesakan sortzen hasiko garena eta heldu den urteko apirilean estreinatuko dena, suerte pixka batekin etxean lehenbiziko eta ondotik Gaiarren, Gasteizen, Valentzian, Katalunian…
Lan horren ondorioz, hainbat sari ere hartu dituzue…
Sarien gaia delikatua da, ematen dituen entitatearen arabera logika desberdinetan mugitzen direlako eta protokoloak ere hagitz desberdinak direlako. Batzuetan sozio egin eta apuntatu behar zara saria lortu ahal izateko, imajinatu, guk hori ez dugu egiten. Ailegatzen diren momentuak ere eragina du eta guretzat hori izan da politena orain arte: Nafarroako Talentu Gaztearen Saria 2021ean, Kataluniako Kritikaren Saria Koreografia Hoberenari 2023an, RNEen Ojo Critico Saria 2024ean eta NIE Saria 2024. Guk gure lanean segitu nahi dugu, ahalik eta modu duinenean; horretarako laguntzen badute, ongietorriak.
RNEren El Ojo Critico Sariko epaimahaiak aipatu duenez, Led Silhouetteren sorkuntzek maila plastiko, bisual eta formalean etengabe eboluzionatzen dutela dio… Horretan saiatzen zarete beti…
Bizirik eta mugimenduan dagoen irudi batek ikuslearengan eragin dezakeena potentea da, baina horretara ailegatzea ez da batere erraxa. Zentzumenak adi, diskurtsoa argi eta detaileetan denbora “galtzearen” beldurrik gabe egin behar dugu lan, teloia irekitzen den momentutik denak duelako erranahi bat. Ekintzan zehar dauden argiak, soinua, jantziak, atmosfera… dena maila berean jartzen saiatzen gara eta uste dut hori dela epaimahaiak baloratu duena.
Led Silhouetteren egoitza Lesakan paratu izana ere azpimarratu dute eta zuk, ttikitik zerbait handia egin daitekeela adierazi duzu…
Madrilgo progresismoari pila bat gustatzen zaio eurentzat periferia geografikoa dena exotizatzea: «nola da posible horrelako herri ttiki batean, tamaina eta maila horretako dantza piezak sortzea?» galdetzen digute sarri. Guk buelta ematen diogu galderari erranez Lesakan sortzen dugula, bertan ditugulako formatu hori landu ahal izateko baldintza material eta afektiboak. Gure lanak hagitz desberdinak izanen lirateke Bartzelonan bizitzen gelditu izan bagina adibidez. Hobeak akaso? Ez dugu inoiz jakinen…
«Gure lanak hagitz desberdinak izanen lirateke Bartzelonan bizitzen gelditu izan bagina, adibidez… Hobeak akaso? Ez dugu inoiz jakinen»
Eta berrikiago, etxera eta haurtzarora hurbilduz, Nafarroako Ikastolen Elkartearen Saria ere hartu duzu… «arteari eta bereziki dantzari dedikazioz eta pasioz beterik egindako ekarpenagatik. Eta, hori baino gehiago, gizatasun eredu delako, inspirazio iturri delako eta benetako altxor ingurukoentzat». Zer erran nahi du horrek zuretzat?
Esaldi hori irakurtzen duten aldiro isilik gelditzen naiz, alde batetik hagitz emozionatua eta bertzetik “eredu” hitzarekin gatazkan sartuaz. Ulertzen dut ze ertzetik erraten duten eta bihotzez eskertzen dut baina ni ez naiz eredu sentitzen, niretzat askoz erreferente handiagoak dira eurek, Ikastolan izan genituen irakasleak: Kontxi, Ane, Lupe, Edurne, Mari, Ester…
Hain zuzen, Lesakako ikastolako ikasleek egindako elkarrizketa batean, han eta hemengo areto handietan ibilia zaren arren, beharbada momenturik zailena edo hunkigarriena San Fermin egunean aitzinesku izatea eta Zubigainekoa dantzatzea izan dela adierazi duzu…
Eszenatokian zaudenean emanaldia hasi aitzinetik, teloiaren gibelean azken momentuko beroketak egiten publikoaren hotsak fondoan aditzen dituzun bitartean, zure gorputzarekin konektatzen duzu, pieza guzia errepasatzen duzu mentalki eta elementu eszeniko guziak bere tokian daudela errepasatzen duzu, gorputzeko adrenalina maila goitzen dela sentitzen duzun bitartean. Momentu horretatik lehenbiziko txalora arte lan horretan sortu den unibertsoaren parte zara eta zintzotasunez konektatzen dituzu zure gorputz eta burua lan horrekin. Uztailak 7koa antzeko baina desberdina da, hitzez esplikatzeko hagitz zaila
Etxetik mugitu gabe, udaberrirako dantza zikloaren antolaketan laguntzen ari zara? Zer izanen da egitarauan?
Lesakako Udaletik kultura kudeatzeko moduak birpentsatzen ari dira, aktiboki parte hartzen dugun eragileekin elkarlanean. Horren adibide garbia da Sorginxulo kultur taldeen bilgunea. Zirkuitu desberdinetatik etortzen diren proposamenak testuinguru berean elkartu asmoz, Ernatu Udaberriko Dantza Zikloa eginen da aurten lehen aldiz. Badugu herrian bertan udazken-negu aldera Keinu Leihoak antzerki zikloa, Mairuren eskutik, eta urteak pasatu ahala ikusten dugu baduela zentzua, herrian badakigulako abenduaren hiru asteburutan zehar antzerki proposamen desberdinak egonen direla. Ernaturen ideia antzekoa da, baina dantza eta mugimendu proposamenekin. Aurtengoa modu ahalik eta xumeenean eginen dugu, dagoeneko egitekoak ziren ekitaldiak modu ordenatuan kultur programazioan txertatuz. Horrela martxoaren 29an Dantzari Ttiki egunarekin hasiaz, martxoaren 30ean Sendaberri - Nafarroako Sarearen Zirkuituaren barrenean Zuk Performing Arts-en Quosque Tandem Abutere! Oteizaren inguruko lana eskainiko dute, apirilaren 6an DNA programaren barrenean Erain dantza konpainia nafarrak Sin fichero adjunto lana emanen du eta azken asteburuan, apirilaren 12an Tantirumairu Dantza Taldeko helduen taldearen emanaldia.
«Udaberriko Dantza Zikloa eginen da lehen aldiz Lesakan»
Nola ikusten duzu dantzaren egoera Lesakan eta gure inguruan? Gehien bat euskal dantzara mugatzen dela iruditzen zaizu? Aldi berean, betiko dantza horiek ukitu moderno batez ere janzten ari dira gure inguruko taldeak? Bilakaera hori dantza mantentzeko nahitaezkoa dela iruditzen zaizu?
Dantza profesionala egoera nahiko prekarioan dago oro har Euskal Herrian historikoki, baina uste dut badaudela moduak egoera horri aurre egin eta lan baldintza duinak sortzeko. Lesakaren kasuan, bertze herri/hiri aunitzetan bezala, batzuetan pasatzen da momentuan sortzen ari diren proposamenak eta gira logikan dauden lan profesionalak, batzuetan ez dutela konektatzen herritarren gehiengo batekin. Arrazoi desberdinak egoten ahal dira egoera honen gibelean: hitza protagonista duten lanen tradizio handiko lurraldean bizi garela, proposamenen maila, sektore minoritario bat izatea (ez du zertan problematikoa izan behar), sold out-aren garaian bizitzearen drama… Bertzalde, “betiko” dantzak deitzen diegun horiek, XX. mende hasieran herri desberdinetan lehendik egiten ziren plaza-dantzen estilizazio batetik sorturiko errepertorioa osatzen dute. Guregana ailegatu dira eraldatzen joan direlako, aunitzetan filtro bizkaitar eta gipuzkoar batetik erran behar da, eta esperimentaziorako material bezala erabili daitezke, noski. Euskal dantzen urratsetan oinarritutako sorkuntzak egin izan ditugu Tantirumairun duela urte dezentetik (Gernika, Bertso atabikoak, Monogamo inperfektuak…). Gauza berriak sortzea, izakiaren ezaugarri garrantzitsuenetakoa da eta sortzen dugu eskuragarri ditugun elementuetatik abiatuz, beraz normala da euskal dantzen hiztegia gorputzean inskribatua duten gorputzek material hori erabiltzea pieza berriak sortzeko. Emaitza interesgarria edo ez hain interesgarria izan daiteke, proposamen artistiko guzietan bezala. Denborarekin gorputz lengoaiak gehitzen joan dira eta konplexu guttiagorekin uztartzen dira egun. Probatzea beharrezkoa da, huts egitea ere, diziplina guzietan.
«Probatzea beharrezkoa da, huts egitea ere, diziplina guzietan»
Bertzerik? Beharbada inoiz galdetu ez dizugun eta erantzutea gustatuko litzaizukeena?
Herritarrak animatzea dugun kultur eskaintza zabalean parte hartzera, Ernatu dantza ziklo berria barne, eta eskertzea “zer sentitzen duzu dantzatzen duzunean?” galdera ez egin izanagatik (kar, kar…).