Udaberri garaian herrian ohikoak diren dantza ekitaldiak eta Nafarroako zirkuituetatik datozen dantza saioak elkartu eta lehen aldiz Ernatu Udaberriko Dantza Zikloa antolatu dute udalak eta Sorginxulo kultur taldeak. Hasteko, martxoaren 29an, larunbatean, Tantirumairu euskal folklore taldeak antolatutako Tantirudantza jaialdia izanen dute Lesakan.
Tantirumairu dantza taldeko ttikiekin batera, Getariako Gure Txeru, Azkaingo Ikasleak, Herrerako Herri Ametsa eta Zumaiako Dantza Eskola taldeak ere etorriko dira. Larunbatean, 11:00etan, taldeak karrikaz karrika ibiliko dira. 12:15ean Zubigainekoa dantzatuko dute herriko dantzari ttikiek. San Fermin egunean helduek dantzatzen dute Zubigainekoa eta Tantirudantza egunean dantzatzen dute ttikiek. Urte osoan ez da gehiago dantzatzen. Ondotik, talde guztiek dantza saioa eginen dute Plaza Zaharrean. 16:30ean Porrusalda Erromeria taldea izanen da Plaza Zaharrean.
Bertze dantza emanaldiak
Ernatu Udaberriko Dantza Zikloari segida emateko, martxoaren 30ean Sendaberri - Nafarroako Sarearen Zirkuituaren barrenean Zuk Performing Arts-en Quosque Tandem Abutere!, Jorge Oteizaren inguruko lana eskainiko dute, igandean 18:00etan Harriondoan (sarrera: 6 euro),
Apirilaren 6an, DNA programaren barrenean, Erain dantza konpainia nafarrak Sin fichero adjunto lanaren estreinaldia eginen du Harriondoan, igandean 19:00etan (sarrera: 6 euro). Zikloaren azken asteburuan, Tantirumairu Dantza Taldeko helduen taldearen emanaldia izanen dute apirilaren 12an, larunbatean 18:30ean.