Goizean euri langarra egin bazuen ere, eguerdian eguraldia altxatu eta arratsaldean Kastillobaita, Grazienea, Huartea eta frontoiaren arteko plazatxoan bete eta josi ahal izan dituzte zakuak mairuek eta laguntzaileek, jendetzaren begiradapean. Zakuzar nagusiek musika bandaren laguntzaz egin zuten kalejira. Lehen aldiz emakume bat, Leire Portu, izan zen zakuzarren aitzinesku. Atzesku, berriz, Joel Gil izan zen. Musikariek Lesakako Inauteriak pieza jo zuten behin eta berriz eta zakuzarrak karrikaz karrika ibili ziren ikusleak uxatzen. Zakuzarrak Zabaleta dorrearen parean, Antoiun eta Eskol Ttikin eta gelditu ziren, atseden hartzera eta monttonkak egitera. Mairuek, zakuen urratuak moldatzeko eta galdutako pizontzien ordez, bertze berriak emateko aprobetxatzen zuten geldialdi horiek.
Behin ibilbidea bukatutakoan, plazan zakuak urratu eta belarrekin jolasean ibili ziren haur eta gaztetxoak.
Gaur Inauterietako Astelehena
Igandean Goitarrek Endara, Zala, Katazpegi eta Nabaz auzoetan egin zuten bezala, inauterietako astelehenean Fraindarrek bere eskea egiten ari dira Frain eta Otsango auzoen barna. erratzen kolpeak akuilu, Eguerdian karrozak eta mozorroak plaza inguruan ikusiko dira. Arratsaldean, 18:00etan, dantzaldia izanen da Plaza Zaharrean Imanol Intxaustri eta Iñigo Larrañagarekin.
Honenbertzez, Lesakako inauteriak bukatuko dira, nahiz eta asteartearekin ere Fraindar batzuk ibiltzen diren oraindik Izotzaldea eta herrian barna.