Inauteak 2025

Ortzegun Gizen, Orakunde edo Egun Ttun Ttun ospatuko dute bihar eskualdeko hainbat herritan

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 26a, 08:00

Oilar dantza eginen dute zenbait herritan Ortzegun Gizen edo Orakunde egunean.

Baztanen, herri batzuetan Orakunde eta bertzeetan Egun Ttun-Ttun deitua den zaldun inaute aitzineko ortzegunean, oilar dantza izanen da eguneko ekitaldi nagusia. Horrez gain, otordu, dantza eta jostetarik ere ez da faltako. Zenbait herritan aitzinetik ere ospatu dute: joan den ortziralean Zigan, astearte honetan Amaiurren; gaur, asteazkena, Lekarozen eta Erratzun… Ortzegunean Baztango zortzi herritan ospatuko dute ortzegunean; Azpilkuetan ortziralean eta Anizen eta Berroetan larunbatean. Bera, Lesaka, Etxalar eta Igantzin ere ospatuko dute Ortzegun Gizen, eta neska-mutikoak eskean aterako dira.

Herri batzuetan ospatu berria eta gainerakoetan egiteko puntuan ditugu inauteak. Eta horietako aunitzetan Ortzegun Gizen, Orakunde edo Egun Ttun-Ttun ospatuz eginen dute inauteriak heldu direnaren seinalea. 

Baztanen Oilar Dantza izanen da herri batzuetan Orakunde eta bertzeetan Egun Ttun-Ttun deitua den eguneko ekitaldi nagusia. Horrez gain, ez da otordu, dantza eta jostetarik faltako.

Beran Ortzegun gizen goizean haurren zingar arroltze eskea eginen dute herrian barna. 15:45ean hasita, 3 eta 12 urte bitarteko ikasleen Inudeen eta Artzainen desfilea eta karrozak suhiltzaileen parketik hasita Eztegara pilotalekuraino. Ondotik, parte hartzaileendako merienda Eztegara pilotalekuan.

Lesakan, berriz, goizez arraultze-arraultze eskean ibiliko dira neska-mutikoak. Arratsaldean ikastolan inauteetako jaialdia izanen dute.

Etxalarren, berriz, goizean neska-mutikoak urtzain gizen kantatuz eskean ibiliko dira etxez etxe. 14:30etik aitzinera Landagain eskolako ikasleek beren antzezlanak eskainiko dituzte karrikaz karrika. Ondotik, haurrendako merienda Guraso Elkarteak emana.

Igantzin ere ospatu ohi dute Ortzegun Gizen eguna. Nahiz eta inauteak joan den asteburuan egin, eskolako haurrak eskean aterako dira eta arratsaldean, etxeetan bildutako puskekin, merienda izanen dute Biltokin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun