Inauteak 2025

Antonio Rodriguez 'Ttarratto' eta Jaione Dozagarat omenduko dituzte Berako Inude eta Artzainetan

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 25a, 14:00

Urte aunitzez dantza taldeko kide izan dira Jaione Dozagarat eta Antonio Rodriguez 'Ttarratto'. Argazkia: Gure Txokoa Dantza Taldea.

Hirugarren urtez. Inudeen eta Artzainen desfilea herritarrak omentzeko baliatuko du Gure Txokoa Dantza Taldeak. Urte aunitzez dantza taldean aritu diren  Antonio Rodriguez 'Ttarratto' eta Jaione Dozaragat omenduko dituzte, eta beraiek izanen dira Aita Joxepe eta laguntzailea gorpuztuko dituztenak.

Dantza taldeak jakinarazi duenez, «Jaione eta Ttarratto 30 urte inguruz dantzan aritu dira eta beraiek izan dira bertze hainbertze dantzariekin batera, gure dantzak bizirik mantendu dituztenak, dantzak berreskuratu ondotik». Kontatu dutenez, ttikitan dantzatzen hasi ondotik, irakasle lanetan ere aritu ziren. «Herrian ez ezik, inguruko herrietan Berako dantzak irakatsi izan dituzte, baita bertze herrietako dantzak guregana ekarri ere. Beraien lanari esker, gure ondarea aberastu eta belaunaldi berriei transmititzea lortu da».

Hirugarren urtea da Gure Txokoa Dantza Taldeak herritarrak omentzen dituena Aita Joxeperen eta laguntzaileen papera gorpuzteko aukera emanez. Lehen urtean Martin Goikoetxea 'Goiko' argazkilaria omendu zuten, eta bigarrenean Rosa Mari eta Jose Antoni 'Totono' Errandonea argazkilariak eta artxibatzaileak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun