Ortzirale goizeko ezkila jotzearekin eta altxaferoarekin hasi zituzten inauteak Igantzin. Mozorroak egun osoan etxez etxe ibili ziren eta haurrek, berriz, jokoak, magoaren ikuskizuna eta merienda izan zituzten. Eskean aritu zirenek afaria egin zuten Biltoki elkartean.
Larunbat goizean ere etxez etxe eskean ibili ziren mozorroak. Eguerdian, berriz, bazkariak egin zituzten Biltoki eta Baratzondo elkarteetan eta gisa aunitzetako mozorroekin atera ziren herritarrak. Arratsaldean DJ Infernurekin musika izan zuten eta Biltokin egindako afariarekin borobildu zituzten inauteak.