Inauteak 2025

Igantziko inauteak otsailaren 21ean eta 22an ospatuko dituzte

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 19a, 08:00

Igantzin ere mozorroak janzteko prest daude.

Igantziko inauteak ospatuko dituzte asteburu honetan. Harat-honatean ibiliko dira mozorroak ortziralean eta larunbatean eta Ortzegun Gizena ere egun handia izaten da.

Otsailaren 21ean, ortziralean, 10:00etako ezkilekin eta altxaferoarekin batera hasiko da mozorroen etxez etxeko ibilbidea, auzo eta karrikak musikaz alaitzen. Herrian, 17:00etan haur eta gaztetxoak frontoian elkartu eta jokoak eta musika izanen dute; ondotik Txoborro magoak Gezur gehiegi saioa eskainiko du eta merienda goxoa ere dastatu ahal izanen da Guraso Elkartearen eskutik. Arratsean, Berrizaun, Frain eta Sarrola auzoetan barrena ibili ondotik, mozorroek afaria izanen dute Biltokin.

Otsailaren 22an, larunbat goizean, 08:00etan hasita, herrian barna ibiliko dira mozorroak. Eguerdian, bazkari irekia eginen dute Biltokin eta Guraso Elkarteak antolatutako bazkaria ere izanen da. Baratzondoko jubilatuek ere bazkaria izanen dute. Arratsaldean, DJ Infernuren musika izanen da, Guraso Elkartearen eskutik, Igantziko Udalaren laguntzarekin. Ilunabarrean, mozorroak gonbidatuta, pintxoak Estankoan. Ondotik, zozketa eginen dute eta segidan Biltokin afaria.

Ortzegun Gizenean ere

Ortzegun Gizen Eguna (otsailak 27) ere egun handia izaten da herrian. Goizean eskolako neska-mutikoak etxez etxe ibiliko dira eskean. Arratsaldean, etxeetan bildutako puskekin, merienda Biltokin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun