Inauteak 2025

«Inauteetan Mozorro Zuriek izaten duten giroa erakutsi nahi izan dugu CDan»

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 8a, 10:00

Beñat Mitxelena inauteetan akordeoiarekin.

Beñat MITXELENA DANBORIENA, Arantzako akordeoilaria eta Mozorro Zuria

«Momentuko beroaldi» baten emaitza izan omen da; Beñat Mitxelena Danborienak (Arantza, 1987), irri artean, aitortu duenez, «kaxeroa». Baina inauteetan Mozorro Zuriek izaten duten «giroa transmititu» nahi izan dute, eta bidenabar, «herritarrek Mozorro Zuriei egiten dieten harrera eskertu». Hala sortu dute Puxka-puxka diskoa, Arantzako inauteetan etxez etxe Mozorro Zuriek kantatzen dituzten hamar kanta grabatuta.

Joan den urteko inauteetan piztu omen zitzaien bonbilla buruan: «Inauteetako hondarreko egunean, Andoni [Mitxelena] eta biok gazteek kantari zer giro sortzen zuten solasean hasi ginen, zerbait egin behar genuela. Eta hala, CD bat grabatzen ahal genuela pentsatu genuen. Momentuko beroaldi bat izan zen», kontatu du Mitxelenak. Urteak daramatza Mitxelenak Mozorro Zurien taldean akordeoia jotzen, Andoni anaiarekin batera.

Ideiari forma ematen, joan den urteko Aste Santuan hasi ziren. Lehenbiziko, kantak bereizi zituzten: «Inauteetan etxez etxe ibiltzen garenean gehien kantatzen diren kanten zerrenda egin genuen». Horren ondotik, grabazio eguna ailegatu zen. «Mozorro Zurien bazkari bat antolatu genuen. Hogeita bortz bat elkartu ginen, eta bazkalondoan, kantak grabatu genituen. Andoni aritu zen akordeoiarekin zuzenean, eta mikrofonoak sartu genituen ahotsak grabatzeko. Etxean badut zortzi kanaleko grabagailu digital bat, eta dena harekin egin genuen. Ez zaigu burutik pasatu ere estudio bat zanpatzea, eta emaitza hagitz kaxeroa da», dio irriz.

«Inauteetan etxez etxe ibiltzen garenean gehien kantatzen diren kantak dira»

Hurrengo pausoa hogei kanta horien artean aukeraketa egitea izan zen: «Hobekien atera ziren hamar kanta bereizi genituen». Baina bere ustez, «zerbaitengatik ateratzen dira hobekien; horiek direlako jendeari gehien gustatzen zaizkionak».

Grabazioak eginda, «uda akabailan» hasi zen Mitxelena musika tresnak grabatzen, etxean, eta abenduan «Iban Zugarramurdi herritarrarekin bateria grabatu genuen». Kontatu duenez, «kanta guziek oinarrian akordeoia, gitarra, baxua eta bateria dituzte». Baina bertzelako probatan ere ibili da: «Kanta batzuetan, sintetizadorearekin, teklatuarekin, biolina, mandolina… bertze esperimentu batzuk ere sartu dizkiogu». Bateko eta bertze kontuekin, «hiru edo lau hilabete» pasatu ditu nahasketak egiten Mitxelenak, «ahal zen denbora tartetan. Honek ere denbora eskatzen baitu…».

Lanak eginda, dagoeneko esku artean dute emaitza: Anis, Saltzen, Gogoaren baitan, Pottoka, Greziako itsasontzia, Isil-isilik, kalejira, herriko bestak, Lau teilatu eta Hartzank basoa. Horiek dira CDko hamar kantak. Hainbertzeren artean, bakarren bat bertzeak baino gustukoagoa ote duen galdetuta, berriz, «Greziako itsasontzia» erantzun du, «letra eta musika polita izatez aparte, Mozorro Zurien giro ederra aunitz nabaritzen delako».

«Bazkari bateko grabazioa da, nabaritzen da ederki kantetan zer giro izaten den»

Giroa. Horixe izan baita honen guziaren helburu nagusia: «Inauteen Mozorro Zuriek izaten duten giroa transmititzea». Eta erronka «hagitz erraza» izan omen da: «Bazkari bateko grabazioa da, nabaritzen da ederki kantetan zer giro izaten den».

Inauteetan musikak eta kantek duten garrantzia ere agerian utzi nahi izan du. Baina ez hori bakarrik, «dantzak ere badu bere tokia. CDan dantza ezin izan dugu erakutsi, eta horregatik CDko azalean, nahita, Mozorro Zuriak Arantzako Zortzikoa dantzatzen ageri diren argazki bat paratu dugu, erakusteko ez direla geldirik egoten».

300 CD prest

Denetara 300 kopia egin dituzte, eta ortzegunean hasiko dira herritarren eskuetara ailegatzen: «Etxeko atea irekitzen edo dirua ematen duten herritarrei nolabait eskertu nahi diegu, eta haiei opari emanen diegu». Gainerakoek ortziralean izanen dute lortzeko aukera: «Ostatuetan saltzeko paratuko ditugu. Baina gure helburua ez da inondik inora dirua ateratzea».

«Etxeko atea irekitzen edo dirua ematen duten herritarrei nolabait eskertu nahi diegu»

CDa izanen da aurtengo Arantzako inauteetako nobedade nagusietako bat. Emaitzarekin «kontent» gelditu direla aipatu du Arantzako akordeoilariak, nahiz eta onartu duen, «teknikoki» hobetzen ahal dela, «ez baita estudio batean grabatua. Baina horretarako aurrekontua eta denbora behar da eta guk zerbait sinpleagoa egin nahi genuen».

Herritarrek CDari eginen dioten harreraren esperoan, dagoeneko lehenbiziko kritikak ailegatu zaizkie, eta horietako bat Gregorio Mitxelena aitarena izan da, hura ere akordeoilaria. «Inauteetako giroa erakusten duela eta aunitz gustatu zaiola erran digu. Ea gainerako herritarrek zer erraten duten».

Eta gainerakoan, Mozorro Zuriak gaurgero hasiak izanen dira ahotsak afinatzen eta atorra koadroduna eta galtza urdinak eta zuriak prestatzen. Hain zuzen, haiei bidali die lehenbiziko mezua Mitxelenak, «hola segitzeko, animatuak» erranez. Bigarren mezua Mozorro Beltzentzat izan da: «Gehiago atera daitezela jendea zirikatzera», eta hirugarrena eta azkena, herritarrentzat: «Eskerrak aunitz atea irekitzeagatik eta holako harrera egiteagatik».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun