Inauteak 2025

Berako Inudeen eta Artzainen desfilean apuntatzeko epea ireki dute

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 5a, 14:00

Gure Txokoa Dantza Taldeak antolatzen du desfilea, eta aurtengoa martxoaren 2an eginen dute. Bertan parte hartzeko izena emateko epea ireki dute dagoeneko, eta otsailaren 19ra arte egiten ahalko da galdetegi hau betez. Oroitarazi dute  parte hartzaile denak apuntatuko behar direla, dantzariak, musikariak eta konpartsako kideak, alegia.

Izena emateko epeaz gain, entseguen datak ere jakinarazi dituzte. Otsailaren 25ean eta 28an izanen dira 19:30ean Eztegara pilotalekuan. Gainera, bazkarirako txartelak ere egun horretan paratuko dituzte eskuragarri 22 euroren truke. 21 euro bazkaria ordaintzera bideratuko dituzte, eta bertze euroa egun horretako apaingarriak erosteko.

Kaldereroetako entsegua

Inudeen eta Artzainen desfilearen aitzinetik, hilaren 22an Kaldereroen bisita izanen da herrian. 19:30ean hasiko dira kaldereroak Illekuetatik, eta eguraldi ona bada Herriko Etxeko plazarainoko bidea eginen dute. Egun horretako kantak prestatzeko hitzordua otsailaren 19an paratu dute 19:30ean musika eskolan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun