‘Gogoa pauso, pausoa bide’ dokumentala aurkeztu dute Lesakan

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 3a, 09:00

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak sustatua, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan Bortzirietan euskararen alde lanean aritutako 20 euskaltzaleren testigantzak bildu dituzte Gogoa pauso, pausoa bide dokumentalean. Urtarrilaren 31n, ortziralean pantailaratu zuten lehenengo aldiz, Lesakan, Harriondoan, egindako aurkezpen ekitaldi ofizialaren ondotik.

Euskararen biziberritzearen alde 1970eko eta 1980ko hamarkadatan egindako lana biltzen du dokumentalak. Juana Larralde eta Patxi Larretxea aranztarrak;  Bittori Telletxea, Bixente Taberna, Itxaro Aranibar, Ixa Ordoñez, Joxe Mari Iratzoki, Patxi Iñigo eta Pepi Olaetxea beratarrak; Joxema Irigoien eta Kontxexi Arangoa etxalartarrak; Joxepa Etxeberria eta Oskar Txoperena igantziarrak; Amaia Abuin, Antton Erkizia, Eduardo Conde, J. Emilio Txoperena Txoltxan, Kontxi Erro eta Manolo Arozena lesakarrak eta Goldarazko Mikel Legarra dira protagonistak. Horien ordezkari Itxaro Aranibarrek eta Kontxi Errok hartu zuten hitza, Maite Bidartek aurkeztutako ekitaldian. Ondotik, Jabi Arakama, Euskarabideko zuzendariak Bortzirietako proiektu hau goraipatu zuen. Leire Mitxelena, Bortzirietako Euskara Mankomunitateko presidenteak ere 1970 eta 1980. hamarkadetan Bortzirietan euskara sustatu zutenak gogoratu zituen, gaur egun gauden egoerara ailegatzea posible egin baitzuten. Eneko Fernandezek bertso baten bidez laburbildu zuen oholtzara igo zirenen erranak. Dokumentala ikusi aitzinetik, bertan parte hartu dutenek eta hauen ordezkariek oroigarri bana hartu zuten Bortzirietako Euskara Batzordeko ordezkarien eskutik.

 

Aurkezpenak herriz herri

Ortziraleko aurkezpenaren ondotik bertze lau herrietan ere emanen dute dokumentala. Larunbatean, otsailaren 1ean, Berako Kultur Etxean izan zen aurkezpena. Arantzan, Etxalarren eta Igantzin, berriz, otsailaren 7an emanen dute, ortziralean, 19:00etan. Arantzako emanaldia liburutegian izanen da, Etxalarkoa kultur etxean eta Igantzikoa eskolzarrean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun