Euskararen alde lanean aritu zirenen ahotsak

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 19a, 08:00

Hainbat lagun euskararen aldeko manifestazio batean 80ko urteetan. Argazkia: Kontx Errok utzia.

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak sustatua, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan Bortzirietan euskararen alde lanean aritutako 20 euskaltzaleren testigantzak bildu dituzte 'Gogoa pauso, pausoa bide' dokumentalean. Bortz herrietan izanen da dokumentala ikusteko aukera

Etxe barrenetik karrikara atera zuten euskara. Deus ere ez zegoen tokian egitura sortu zuten: herriko etxeetan eta hezkuntza arautuan bere lekua eman zioten euskarari, euskaraz ikasteko euskaltegiak sortu zituzten, kultur taldeak sortu zituzten, bertso eskolak, komunikabideak ere bai, tartean TTIPI-TTAPA. Ordura arteko errealitatea aldatu, eta Bortziriak euskaldunago bat lortu zitekeela amestu zuten, eta gogor lan egin zuten hori lortzeko.

1970eko eta 1980ko hamarkadetan euskararen loraldia bizi izan zen Euskal Herriko leku aunitzetan, eta baita Bortzirietan ere. Orain, euskararen aldeko ekintzaile horiek egindako lana dokumental batean bildu dute. Gogoa pauso, pausoa bide izena du dokumentalak eta hilabete bukaeran estreinatuko dute Bortzirietako bortz herrietan. Bortzirietako Euskara Mankomunitatea da proiektuaren sustatzailea eta Katubi ikus-entzunezko enpresak ondu du.

20 URTEZ EGIDAKO LANAK BILTZEN DU DOKUMENTALAK

Aunitz izan ziren hogei urte horietan euskararen alde lanean aritu ziren ekintzaileak eta dokumentalak horietako 20 lagunen testigantzak biltzen ditu, alor diferentetan aritu direnak, garai diferentetan, eta bortz herrietakoak direnak. Juana Larralde eta Patxi Larretxea aranztarrak;  Bittori Telletxea, Bixente Taberna, Itxaro Aranibar, Ixa Ordoñez, Joxe Mari Iratzoki, Patxi Iñigo eta Pepi Olaetxea beratarrak: Joxema Irigoen eta Kontxexi Arangoa etxalartarrak; Joxepa Etxeberria eta Oskar Txoperena igantziarrak, Amaia Abuin, Antton Erkizia, Eduardo Conde, J. Emilio Txoperena Txoltxan, Kontxi Erro eta Manolo Arozena lesakarrak eta Goldarazko Mikel Legarra.

Egindako 20 elkarrizketetan denera 15 bat orduko testigantzak grabatu dituzte. Aurrelanak Patri Arburua mankomunitateko teknikariak egin ditu, Ainhoa Larretxeak elkarrizketatu ditu 20 ekintzaileak eta Oier Fuentes arduratu da alderdi teknikoaz. Sailkatze lanak, aldiz, Monika Agirrek egin ditu. Leire Errandonea eta Iban Garro arduratu dira dokumentalerako edukien hautaketa egiteaz, Patri Arburua eta Oier Fuentesekin batera. Katubi enpresak ondu ditu gidoi literarioa, errealizazioa eta edizio eta ekoizpen lanak. 

1988an. urtean Lesakan egin zuten Nafarroa Oinez besta. Argazkia: Kontxi Errok utzia.

Ekintzaile horien lana ikusteko aukera izanen da, beraz, Bortzirietako bortz herrietan. Lehen aurkezpen emanaldia Lesakan izanen da, Harriondoa Kultur Etxean ilbeltzaren 31n, 19:00etan. Biharamunean, aldiz, otsailaren 1ean, Berako Kultur Etxean emanen dute 19:00etan. Hurrengo asteburuan, otsaileko lehendabizikoan Arantzan, Etxalarren eta Igantzin emanen dute. Emanaldi horien ondotik, ikus-entzunezkoa eta baita 20 elkarrizketak osorik ikusteko aukera izanen da Bortzirietako Euskara Mankomunitatean webgunean. 

70eko urteetan Barojatarrei egindako omenaldiak sortu zuen lehen hazia Beran, Lesakan aldiz, Euskal Jakintzaren Asteak. Kultur mugimendu horrek euskararen inguruko giroa berotu zuen,  eta hainbat gazte elkartu eta bertatik sortu zen bi herri haundienetan ikastolak sortzeko ideia. Bi herrietako mugimendu horretara elkartu ziren ondotik gainerako hiru herriak eta horietan ere ikastolak sortu zituzten. 50. ikasturtea ospatzen ari da aurten Berako Labiaga ikastola, iaz bete zuen 50. ikasturtea Lesakako Tantirumairuk.

Hala ere, euskararen biziberritzea haurrak euskaraz eskolaratuta bakarrik lortuko ez zela ikusita, helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko bidea ireki behar zutela pentsatu, eta gau eskolak ireki zituzten Bortzirietako bortz herrietan. Horrekin batera euskarazko komunikabideak ere sortu zituzten: Koxkonta eta Segapoto irratia, Astaputza fanzinea…

Euskaldun izatearen kontzientzia

70eko urteetako lehen loraldiaren ondotik, benetako indarraldia 80ko urteetan izan zen. Ordura arte hasitako proiektuak finkatzeaz gain, D eredua ezarri zen hezkuntza sare publikoan eta horrek aldaketa nabarmena ekarri zuen euskararen normalizazioa. Gainera, TTIPI-TTAPA sortu zen, eta euskarazko kultur mugimendua sendotzen hasi zen bertsolaritzaren susperraldiarekin bat. Bortzirietako euskaltegia ere sortu zuten garai bertsuan, eta Nafarroa Oinezen bi edizio arrakastatsu egin zituzten Beran eta Lesakan.

Etxalarko haurrak andereñoarekin 1990an. Argazkia: Junkal Altzugurenek utzia.

Euskararen aldeko borrokan sutsuki aritu den ekintzaileetako bat izan da Kontxi Erro lesakarra. 70eko urteetan hasi zen euskararen alde lanean, eta egun, oraindik ere bere bizitzako zati garrantzitsu bat hartzen du borroka horrek. «Euskararen aldeko borroka euskalduna nintzela ohartu nintzen momentuan hasi nuen», kontatu du. Izan ere, ordura arte gutxietsia zen sentimendua zuen lesakarrak: «Euskaldunak ez dakit zer mailako herritarrak ginen. Baina ailegatzen da une bat ohartzen zarela euskalduna zarela, eta euskalduna izateak ematen dizula identitate bat, izaera bat, eta kezka berdina duen jendearekin elkartzen hasten zara». Garai bertsuan, 1973-74 urteen bueltan, euskal kultur astea antolatu zuten lesakar gazte batzuek, tartean Errok, eta hori izan zen gerora piztuko zenaren ernamuina: «Casinoko ganbaran eskulturak paratu ziren, hitzaldiak antolatu genituen, kantaldiak, Azpillaga eta Lopategi bertsolariak etorri ziren…».

BORTZIRIETAKO BORTZ HERRIETAN IKUSGAI PARATUKO DUTE LANA

Hain zuzen, hitzaldi horietako batean sortu zen ikastola sortzeko ideia: «Garaikoetxea, Atxa eta Satrustegi etorri ziren eta ikastolen inguruan aritu ziren. Ordurako ikastolen mugimendua sortua zela azaldu zuten. Guraso batek galdetu zuen zenbat haur behar ziren ikastola bat sortzeko, eta erantzuna izan zen bakarra behar zela. Guraso horrek eman zuen lehen baiezkoa, eta horren arrimuan 5-6 animatu ziren. Horrela sortu zen ikastola Lesakan», oroitu du Errok. Lehen urte horietan Errok ez zuen Lesakan lan egiten, baina, ikastola sortu zuen taldeko kideetako bat izan zen. Beranduago, Tantirumairu ikastolako irakasle izan zen. 

Lesakako ikastolaren sorreraren ondotik, Beran sortu zuten ikastola hurrengo ikasturtean, eta gainerako herrietara zabaldu zen gero. Ikastola sortzearekin batera, helduak alfabetatzeko beharra identifikatu zuten, eta hor ere aritu zen Erro: «Herrian bazen jendea euskaraz bazekiena, baina, alfabetatu gabe zegoena, edo euskararen transmisio ahula hartu zuena. Alfabetatzeko klaseak eta gau eskolak Otsogorrienean paratu genituen, eta hor hasi zen euskararen aldeko mugimendua herrian». 

Euskara bizi proiektua

Hain zuzen, hamarkada bat beranduago gau eskolen bueltan murgildu zen euskalgintzan Patxi Larretxea aranztarra. Etxean jaso zuen Larretxeak euskara. «Etxean gure ama, atta eta osaba euskal elebakarrak ziren, eta hizkuntzaren transmisioa etxetik hartu genuen. Gaztelerarik ez nekien eskolan ikasten hasi nintzen arte», oroitu du. «Nik etxetik jaso dudana, eta Arantzan herrian oro har hartu duguna izan da euskara gure hizkuntza dela, eta harro ginen horregatik, euskara beti gure sentitu dugu».  21 urte inguru zituela, 80. urtean hasi zen euskalgintzan Larretxea. «Soldaduskatik etorri nintzen, eta euskararen bueltan lanean aritzeko talde bat sortu zen. Mikel Legarra izan zen horretan aitzindaria».

 

Talde indartsu samarra zela du gogoan Larretxeak eta buru belarri murgildu zirela: «Ni gau eskolak ematen hasi nintzen Arantzan eta gerora Lesakan ere bai. Horren jarraipena izan zen Matxinbeltzenea proiektua. Bertso munduan ere aritu nintzen, Paulo Iantzi sariketa hasia zen ordurako, Bortzirietako bertso eskola sortu zen, Nafarroako eta Euskal Herriko Txapelketan parte hartu nuen..». Ordu parrasta eman zituzten horretan eta euskara bihurtu zen bere bizitzako ardatza: «Harreman aunitz egiteko aukera eman zigun, barnetegiak egiten genituen, kanpoko jende pila bat ezagutzen genuen... Euskara bizitzeko tresna baliagarria zela sinistu genuen eta gizartera zabaldu genuen». Euskararen bueltako ekitaldi denetara ere joaten ziren eta horrek «kontzientzia pizteko» balio izan zuela uste du: «Gazte aunitz elkartu ginen, bikote pila bat sortu ziren horren inguruan, militantzia eta aisialdia aspektu positibo batean bizi genituen, guretzako bizi proiektu bat izan zen». 

Errori ere ate aunitz ireki zizkion euskarak: «Loraldi bat izan zen». Bortzirietan euskararen alde lanean aritzeaz gain, Udako Euskal Unibertsitatera joaten hasi ziren, eta horrek bertzelako mundu bat deskubriarazi zion: «Ordura arte Antton Erkizia eta biok aunitzen aipatzen genuen bazela sentimendu bat zabaldua euskarak Lesakako zubitik kanpora ez zuela balio. Ikusi genuen badagoela jendea zu bezala pentsatzen duena, harremanak eman zizkigun, sare bat, oraindik mantentzen dena. Mundu zabal batean ateak ireki zizkigun euskarak, dibertigarria izan zen, atsegina pertsona aunitz ezagutu genituen... Garai horren oroitzapen goxoa dut». 

Indarraldi baten beharra

70eko urteetan batez ere ikastolen inguruan sortutako lehen lehen biziberritzearen ondotik, 80ko urteetan jarraipena izan zuen mugimenduak. 70eko urteetan euskararen inguruan dena egiteko zegoela oroitzen du Errok: «Gazteak ginen, indarra genuen, denari bueltan eman nahi genion, lurra bezala irauli... Ordura arte dena ukatua zen, eta askatasun haize bat zen. Grina eta gogoa zegoen dena aldatzeko, sozialki, politikoki, kulturalki... borborraldi bat izan zen».

20 LAGUNEN TESTIGANTZAK BILDU DITUZTE DOKUMENTALEAN

Antzeko sentimendua zuen Larretxeak ere: «Harroaldi bat bazen, beharra sentitzen genuen, ez zegoen erakunderik, dena zegoen egiteko eta dena egiten hasi ginen». Garai hartan sortu ziren Euskadi Irratia, Euskal Telebista, Bortziririetako Euskara Mankomunitatea... «Gure sentsazioa zen horren ondorioa izanen zela euskara salbatua zela, baina gaurtik begiratuta sentitzen dut segitu behar dugula etengabe lanean», azaldu du Larretxeak. «Orain erabileran paratu behar dugu indarra, garai hartan izandakoa bezalako suspertze bat behar dugu eta kontziente izan eguneroko bizitzako arlo guztietan erabiltzen ez badugu galtzera joanen dela». Bide beretik, Errok ere susperraldi baten beharra sumatzen du: «Euskaldun izateak harrotasuna eman behar digu, sentitu behar dugu bagarela nor. Eta erabili egin behar dugu, guk erabiltzen ez badugu, gurera etortzen direnek ez dutelako ikasteko beharrik sentituko».

'Gogoa pauso, pausoa bide' dokumentaleko fotogrametako bat. Elkarrizketez gain, artxiboko hainbat irudi ere  bildu ditu lanean. Irudia: Katubi.

Ez Errok ez Larretxeak, ez zuten behinola imajinatuko 70eko eta 80ko urteetan euskararen alde egindako lana dokumental batean bilduko zutenik 40 urte beranduago. Gaur egunetik begiratuta, ordea, inportantea iruditzen zaie egindako lanaren transmisioa bermatzea, belaunaldi batek egindako lana ageri delako gibelean. «Transmititu beharreko zerbait da lorpenak ez direla lortzen borrokatu gabe, mantendu ahal izateko borrokan segitu behar dela eta lortutakoa ez dela betiko», nabarmendu du Errok. Larretxeak ere uste du inportantea dela «nondik heldu garen jakitea nora joan behar dugun ikusteko»: «Bizi historia bat biltzen da eta inportantea da belaunaldi berriek ere horren berri izatea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun