Ortziralean aurkeztuko dute jendaurrean 'Gogoa pauso, pausoa bide' dokumentala Lesakan

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 28a, 09:00

Igantziko ikastolako ikasleak 1977an. Patri Arburuak utzitako argazkia.

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak sustatua, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan Bortzirietan euskararen alde lanean aritutako 20 euskaltzaleren testigantzak bildu dituzte 'Gogoa pauso, pausoa bide' dokumentalean. Ortziralean pantailaratuko dute lehenengo aldiz, Lesakan, Harriondoan, 19:00etan.

Ortziraleko aurkezpenaren ondotik bertze lau herrietan ere emanen dute dokumentala. Larunbatean, otsailaren 1ean, 19:00etan Berako Kultur Etxean izanen da aurkezpena. Arantzan, Etxalarren eta Igantzin, berriz, otsailaren 7an emanen dute 19:00etan. Arantzako emanaldia liburutegian izanen da, Etxalarkoa kultur etxean ta Igantzikoa eskolzarrean.

Euskararen biziberritzearen alde 1970eko eta 1980ko hamarkadatan egindako lana biltzen du dokumentalak. Juana Larralde eta Patxi Larretxea aranztarrak;  Bittori Telletxea, Bixente Taberna, Itxaro Aranibar, Ixa Ordoñez, Joxe Mari Iratzoki, Patxi Iñigo eta Pepi Olaetxea beratarrak; Joxema Irigoien eta Kontxexi Arangoa etxalartarrak; Joxepa Etxeberria eta Oskar Txoperena igantziarrak; Amaia Abuin, Antton Erkizia, Eduardo Conde, J. Emilio Txoperena Txoltxan, Kontxi Erro eta Manolo Arozena lesakarrak eta Goldarazko Mikel Legarra dira protagonistak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun