«Minbiziaren hamaika errealitate ezagutzeko» eta «gizartea sentsibilizatzeko» Iñurri elkartearen aldeko bertso saio musikatua antolatu dute Leire Pagadizabal zenaren lagunek abenduaren 15ean Lesakako Harriondoa kultur etxean, joandako laguna gogoan. Saio berezia antolatzeko Lesakako Udalaren eta Sorginxuloren laguntza izan dute eta aretoa beterik egonen da.
Hasteko, zer da Iñurri? Zein da elkarte honen helburua?
Izan Iñurri minbizia dutenen akonpainamendu, formazio eta dibulgazioan lan ikaragarria egiten duen elkartea da. Hori guztia, begirada feminista eta eraldatzaile batetik egiten du. Taburik gabeko espazio seguru bat eskaintzen die minbizia lehen pertsonan bizitu duten eta bizitzen ari direnei; baita haien inguruari ere, gaixotasunaren fasea dena delakoa izanik ere.
Leire Pagadizabal zenak zer harreman zuen Iñurrirekin?
Leirek Iñurrirekin bere bizitzaren azken prozesuan harreman hagitz berezia sortu zuen. Paper hagitz garrantzitsua bete zuten eta momentuan behar zuena eskaintzeko gai izan ziren; behar zuena eta gehiago. Elkar ezagutu zutenetik konexio estua izan zuten. Hain ongi elkar ezagutu gabe ere Iñurrik proposatutako hainbat ekintzetara animatu zen Leire, bi aldiz pentsatu gabe: egutegirako argazkietara eta podcast-era, erraterako. Bere izaerak ere anitz du errateko. Jasotako hori guztia bueltan emateko ahalegina egin zuen; baita lortu ere. Itxaropen bitxiak proiektua ilusio handiz hasi zuen, eta bertan egin eta saldu zituen belarritakoei esker Ewing Sarcomaren ikerkuntzara bideratu zuen irabazitakoa. Proiektu hori ere, Iñurriren bidez zabaldu zen.
Orain bere lagunek hartu duzue nolabait Leireren lekukoa? Segitzen duzue Iñurrirekin harremanean?
Hitz potoloak dira horiek guretzat. Lekukoa hartu dugu baina ez gara inoiz berak emandako hori guztia berdintzeko gai izanen. Leirek utzi gintuenetik Iñurrirekin harreman estua izaten segitu dugu; babes handia eman digute eta ematen digute oraindik ere. Erranen genuke guk ere, Leireri esker, haiekin harreman berezi bat sortu dugula; familia dira guretzat. Iñurri guretzat zer den hagitz zaila da hitzez adieraztea; harreman hori ulertzeko barrenetik bizitu beharreko zerbait dela iruditzen zaigu.
Iñurriren aldeko emanaldiren batean ere aritu zarete kantuan…
Bai, zenbaitetan aritu gara. Oiartzungo Tabuen kutxatik oholtzara bertso saiora joan eta eszenatokian Leireri idatzitako kantua kantatzen bukatu genuen. Hortik hasita, Iñurri egunean Idoia Asurmendi eta Josurekin batera kantatzera ere animatu ginen.
Iñurriren aldeko bertso saio musikatu solidarioa prestatzen ari zarete abenduaren 15ean Lesakan… Zein da helburua?
Oiartzungo saiotik atera ginenean garbi ikusi genuen nola edo hala ekitaldi hori Lesakara ekarri behar genuela, Leirek bizitutako prozesua jende anitzek modu batera edo bertzera ikusi eta sentitzeko aukera izan duelako. Hortaz, bertso saioa herrian pentsatuz eraman dugu aitzinera. Minbiziaren hamaika errealitate ezagutzeko eta gizartea sentsibilizatzeko aukera ematen du bertso saio berezi horrek.
«Minbiziaren hamaika errealitate ezagutzeko eta gizartea sentsibilizatzeko aukera ematen du bertso saio berezi honek»
Bertze ekimenak ere egiten dituzue…
Amore emateko beti da goizegi kamisetak Leire hemen zegoela sortu ziren. Berak hainbertzetan errepikatzen zuen esaldia zabaltzeko aukera eman zion Iñurrik Leireri.
Etorkizunera begira, zerbait gehiagotan aritzeko asmorik baduzue?
Momentuz, orain arte bezala parte hartzen eta laguntzen jarraituko dugu: eman diguten hori guztia nolabait eskertzeko asmoz. Guk, egiatan, hala sentitzen dugulako. Harreman hagitz berexia sortu dugu gure artean eta, ondorioz, denbora luzerako izanen dela pentsatzen dugu; hori da gure nahia.
Bertzerik?
Hau irakurtzen ari den oro abenduaren 15eko Tabuen Kutxatik Oholtzara bertso saio musikatura gonbidatzen dugu. Beldurrak alde batera utzi eta minbiziaren errealitatearekin aurrez aurre jartzeko aukera ederra izanen da.