Eguberrietako Azoka eginen dute abenduaren 6an Lesakan

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 3a, 15:00

Lesakako plaza inguruan eginen dute Eguberrietako Azoka.

Gurekin Lesakako Zerbitzuen Elkarteak Eguberrietako Azoka antolatu du abenduaren 6an, Lesakako Udalaren laguntzarekin. Ortziralean 10:00etatik 18:30era eginen dute. Intzuri, Pittin, Kattagorria, Amura, Txirula, Txinelka, Ortzadar eta Comercial Maria Jesus komertzioek paratuko dituzte postuak eta bezeroek, erosketarekin batera, Arranon, Koxkilan, Zantzonean eta Jubilatuen Ostatuan pintxoa opari izanen dute.

Elkarteko postuez gain, Lesakako artisauek ere paratuko dituzte bere salmahaiak, baita Tantirutalo postu solidarioa ere, Izan Iñurri elkartearen alde.

600 eurotan baloratutako bidaiaren zozketa

Gurekin Lesakako Zerbitzuen Elkarteak bezeroen fideltasuna eskertzeko kanpaina ere abian da, Lesakako Udalaren laguntzarekin. Honela, azaroaren 15etik abenduaren 4ra arte egiten dituzten erosketen truke, Berako B. Travel bidaia agentzian, 600 eurotan baloratutako bidaia baterako opari txartelaren zozketan sartuko dira (izen-abizenak eta telefonoa txartel batean apuntatuta eta kaxa batean sartu behar dute). Zozketa Eguberrietako Azokan eginen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun