Andoni Esparza Leibarren gutuna irakurri ondotik, Lesakako Udalak hainbat kontu argitu eta azaldu nahiko lituzke.
Hasteko, balioa eman nahi diogu gure herriko historia eta kulturaren inguruan erakutsi duen interesari, baita armarriari buruz emandako informazioa ere. Hau erranda, ondokoa ere aipatu nahi dugu:
- Lesakako armarria ez da aldatu, ez da desagertu, orain artekoa izaten segitzen du.
- Lesaka herriaren identitatea indartzeko helburuarekin marka berri bat sortu dugu, lelo eta logotipo batekin. Zerbait sinplea, modernoa eta erabilgarria nahi genuen, baina aldi berean erranahi sakonarekin. Horregatik, Lesakarren bizitzan hain presente dagoen zubia aukeratu dugu.
- Zubia ez da urak banatzen dituen espazioak lotzeko eraikin soil bat, karga sinboliko haundia duen zerbait da. Zubiak herritarrak hurbildu eta lotzen dituelako. Zubiak Eraikiz leloarekin nolako Lesaka nahi dugun irudikatu nahi izan dugu: elkar ezagutu, harremanak izan, lagundu eta adostuko duen herri bat.
- Marka, irudi eta leloaren sortze prozesua konpartitua eta aberasgarria izan da. Horretarako, lansaio batzuk egin, eta hauetan, hainbat eremutan ari diren lesakarren iritzi eta ekarpenak bildu ditugu.
- Azkenik, nabarmendu nahi dugu adostasun handiz hartutako erabakia izan dela. Horren adierazle nagusi da udala osatzen dugun EH Bilduko 7 zinegotziek eta Geroa Baiko 4 zinegotziek aldeko botoa eman genuela irailaren 26ko osoko bilkuran, hau da, aho batez onartu genuen udalbatzak.