Urriaren 17ko TTIPI-TTAPA irakurtzean, Lesakako Udalak bere irudia berritu behar zuela jakin genuen. Hori dela eta, Zubiak eraikiz marka edo logotipoa onartu dute.
Baina Lesakak, badira ehunka urte, bere marka duela, hau da, armarria edo ezkutua. Sinbolo horren bilakaera luzea eta konplexua izan da. 1373. urteko agiri batean ageri da, lehendabiziko aldiz, herriaren zigilua. Ez da oso ongi kontserbatzen, baina animalia bat dago bertan. Ezkutuaren bazterrean, lauki txikiak ikus daitezke.
XVI. mendean herri hau zen Bortzirietako garrantzitsuena. Hori dela eta, Cinco Villas de Lesaca deitzen zitzaion. Beharbada, baita horregatik ere, bere armarria beste lau herrietara zabaldu zen. Hala ere, Berak eskatutakoari jarraituz, Erret Kontseiluaren 1615. urteko epaiak ezarri zuen, hortik aurrera, eskualdearen izena Cinco Villas de las Montañas del Reino de Navarra izan behar zela.
Bortzirietako armarria, Nafarroako Erresumako Armeria Liburuan ageri da. Lan hau, ustez, 1572. urtean egin zuten. Garai hartan ezkutuak (armarri zaharra deituko diogu gauzak errazteko) lau laurden zituen. Lehenbizikoan eta laugarrenean azkonaren punta bana du, bigarrenean eta hirugarrenean lau otso (2 eta 2). Armarri hau, ehunka urtez, Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesakako udalek erabili zuten. Baina ez bakarrik beraiek. Lesakako San Martin elizan, udal armarria aldarean edo konfesatokietan ageri da, udalak parrokiaren patronatua zuelako. Familia batzuk ere erabili zuten: egurrezko ezkutu batzuk oraindik ikusi ditzakegu Albistur 19 karrikan edo Beheko Plaza 1ean dauden etxeen fatxadetan.
Baina 1735. urtean, armarri berria sortu zen, Felipe V.aren heraldika arduradunak onetsia. Liburu bana, dagokion irudiarekin, Madrildik bost udaletara bidali zuten (Lesakakoak oraindik gordea du berea). Hala ere, herriek armarri zaharra erabiltzen jarraitu zuten. Lesakako Udalak 1972. edo 1973. urteetan, berria menbreteetan (idazpuruetan) jarri zuen, bainak zigiluan zaharra mantenduz. Armarri berrirako trantsizioa bakarrik 1985. urtean bukatu zen.
Euskal Herriko beste udal askotan ere, logotipoak armarriak ordezkatzen ari dira. Baina ezin dugu gure kultura ahaztu. Penagarria da ondare hori alde batera uztea. Jadanik, menbretedun paperean, zigiluetan, web orrian edo karteletan, Lesakako Udalaren armarria desagertu da. Baina hain aldakorra den mundu honetan, udal armarriek ez dira ahaztu behar. Gure gizarteak iraganean egindako bidea (bere argi eta ilunekin) irudikatzen dutelako.